GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zazpi kide berrirekin ospatu dute Uema Eguna Beran

Uema eratu zenetik hemezortzi urte pasa dira eta denbora horretan kide diren udalerriak hirukoiztea lortu du. Atzo zazpi herri berriren sarrera ospatu zuen instituzioak Beran egindako Uema Egunean. Adin-nagusitasunarekin eta lortutako emaitzekin pozik baina oraindik euskaraz bizitzeko dauden zailtasunak gogoan hartuta mintzatu ziren.

Maider EIZMENDI |

Giro ederrarekin eta herritarrak girotuta ospatu zuten atzo Beran hamazazpigarren Uema Eguna. Jai giroa nabarmena zen, herrian barna inguruak musikaz janzten zebilen txaranga adibide; baina beste behin aldarrikapenak tartea hartu zuen, eguerdiko ekitaldi nagusian esaterako.

Uemako lehendakariak, Jon Bollarek, jaiaren funtsa eta helburuak hartu zituen ahotan. «Eguna irudikatzeko baliatu dugun zuhaitzak laburbiltzen du: zuhaitz honen sustraiek euskara nagusi izango den lurrari tinko eusten diote; gure zuhaitzaren goiko aldean berriz, kolore eta itxura guztietako irudiak ditugu, betiko euskaldunak, etorri berri direnak eta euskarara hurbildu nahi dutenak, pauso hori eman eta euskaldundu direnak... Azken batean, euskararekin bat egingo duen oro hartuko dugu gure zuhaitzean», azaldu zuen.

Euskarak Nafarroan bizi duen egoera ere ez zuen ahantzi nahi izan eta gogora ekarri zuen 2001ean Arbizun Uema Eguna ospatu zutenean egindako eskara: «1986ko Nafarroako euskarari buruzko Foru Legea garatzeko ordua zela eta ez murriztekoa esan genuen; zortzi urteren buruan, gauza bera eskatzen dugu». Egoera horretan, ordea, badira argi guneak, tartean Ueman sartzeko hautua egin duten herri nafarrak. Atzoz geroztik hamabi dira eta ia 16.000 herritar batzen dituzte.

Izan ere, goizeko hamarrak inguruan egin zuten Uemaren batzar nagusian jorratu zuten gai nagusienetakoa izan zen mankomunitatean sartzeko asmoa erakutsi duten herrien eskaerak aztertzea. Orotara zazpi herrik egin dute aurten Ueman sartzeko pausua: Larraun, Etxalar, Bera eta Araitzek, Nafarroan; Elgeta eta Amezketak, Gipuzkoan; eta Busturiak Bizkaian. Atzo, Bollarrek berak azaldu zuenez, bost sartu ziren ofizialki. «Larraun eta Beraren kasuan epe arazoak izan dira, baina jada onartu dugu herri horietan ere lanean hastea». Orotara beraz, Uemak jada Euskal Herriko 61 udalerri batzen ditu.

Hain zuzen ere, Ueman batu diren Etxalar eta Berako udaletako alkateek hartu zuten hitza ekitaldian. Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak jada Ueman diharduten herri nafarrak, hamabi, izan zituen hizpide eta usoekin parekatu zituen. «Nafarroako Gobernuaren inposizioaren kontra libre hegan egiten dugun herriak gara», azaldu zuen. Guztiek bat eginda euskarak lurralde guztian ofizialtasuna izan dezan lan egingo dutela nabarmendu zuen halaber.

Berako alkateak, Iosu Iratzokik, bestalde, Ueman sartzeko emandako urratsaren zergatia azaldu nahi izan zuen. Bera herri euskalduna izanik ere euskaraz bizitzeko trabak ez direla falta aitortu zuen. «Uemak duen helburua euskaldunen eskubideak bermatzea izanik, bat egiten dugu erabat».

Herritarrentzako hitzak ere izan zituen eta Udalak emandako pausoaz haratago, euskaraz egiteko eta bizitzeko konpromiso irmoa har zezaten eskatu zien. Dei bera egin zien herrian dauden lantegiei eta bertako langileei.

Eguerdian, ospatu zen ekitaldian hitza hartu nahi izan zuen halaber, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. Pozarren agertu zen Uemarekin goizean udaletako hizkuntza politika neurtzeko izenpetu zuten hitzarmena zela medio.

Ekitaldia amaitu bezain laster bertan bildutakoak txarangaren atzetik abiatu ziren beroari aurre egiteko edari eta itzal bila. Ordu bietan, ordea, pilotalekuan zuten zita, bertan egin baitzuten herri bazkaria. Jolasak, musika... ekimen ugari, asko baitzuten atzo ospatzeko Beran.

ttipi-ttapa gogoan

Atzo egun handia zuten Berako bizilagunek eta baita Bortzirietako euskaltzale guztiek ere. Bestalde, ez zuten ahaztu nahi izan orain gutxi diru laguntzen murrizketengatik ateak itxi behar izan dituen Ttipi-Ttapa telebista.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo