GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Merkantzien garraio arazoa «konponduko ez duenez», AHT gelditzeko eskatu dute

AHTren aurkako ekimenak izan ziren atzo, Arrasaten mendi martxa eta Itsasondotik Ordiziara manifestazioa. «Merkantzien garraio arazoak konponduko ez dituen proiektu txikitzailea bertan behera» uzteko eskatu zuten. Gaur, manifestazioa izango da Arrasaten.

GARA |

Goizeko bederatzietan, Arrasateko herriko plazatik abiatu zen atzo Arrasateko AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako mendi martxa. Kobatetik hasi, Besaidetik eta Tellamenditik igaro ondoren, berriro ere Arrasatera itzuli ziren parte hartzaileak.

Ordu batzuk geroago, arratsaldeko bostetan, Itsasondora zabaldu ziren Abiadura Handiko Trenaren kontrako mobilizazioak, «Orain da garaia Goierri kalera! Denon artean geldituko dugu» lelopean.

Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako manifestazioa abiatu zen Itsasondoko plazatik. Ordiziako plazaraino iritsi zen martxa. Antolatzaileen arabera, 200dik gora pertsonak hartu zuten parte atzo Goierrin izan zen mobilizazioan.

Ekitaldia izan zen Ordiziako plazan, eta bertan, komunikatua irakurri ondoren, herri askariaz gozatzeko abagunea izan zuen gerturatu zen jende andanak.

Gobernu frantseseko Barne ministroaren, Michele Alliot-Marieren adierazpenek ezbaian jarri dute proiektuaren etorkizuna eta merkantziak garraiatzeko beste trenbide baten egitasmoa aipatu du orain. Lakuako eta Estatu espainoleko Gobernuei ere «obrak gelditu ditzaten» eskatu zien Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak.

Gaur ere, Arrasaten

Gaur bertan, Arratsaldeko sei eta erdietan abiaraziko da Seberotik AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako manifestazioa.

Arrasateko inguruetan orain urtebete pasatxo hasi zituzten lehenengo obrak, eta poliki-poliki Untzillan, Kobate inguruan, Mazmelan, Marinen eta beste zenbait lekutan ikusgai dira «proiektu txikitzaile eta sostengaezin honen aztarnak».

Bailara honetako Elkarlanaren arabera, «erantzuteko garaia da, proiektuaren inguruko balorazioa eta eztabaida beharrezkoak direlako». Gobernuetako kideek ematen dituzten aldeko arrazoiekin bat ez datozelako «erantzuteko garaia» dela berretsi zuten.

Estatu frantsesak, hartutako erabakiarekin, «agerian utzi du proiektuaren errentagarritasun eza» eta, hori dela eta, beste aukera batzuk aztertu beharra dagoela adierazi zuten. «Gelditzea posible delako, Udalaitzeko akuiferoa defendatu nahi dutelako eta ama lurra txikitzeari utz diezaiotela oihukatu beharrean direlako» Arrasateko Elkarlanak gaurko mobilizazioan parte hartzera deitu zuen jendartea.

erantzun beharra

«Erantzuteko garaia» dela aldarrikatu nahi izan zuen Arrasateko AHT Gelditu! Elkarlanak, izan ere, ez datoz bat «Gobernuetako kideek proiektu honen alde ematen dituzten arrazoiekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo