TXIRRINDULARITZA Gaur amaituko da Dauphine Libere itzulia
Asko galtzen du erasoa jotzera behartzen dutenean
Cadel Evans australiarra ez da Alejandro Valverde atzean uzteko gai izan etapa erreginan eta murtziarrak bigarrenez segidan irabaziko du itzulia. Euskaltelek hiru gizon sartu zituen eguneko ihesaldi nagusian.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Alejandro Valverde murtziarrak bigarren aldiz jarraian irabaziko du gaur Dauphine Libere itzulia. Caisse d'Epargne taldeko espainiarrak ez zuen arazorik izan etaparik gogorrenean faboritoen pare ibiltzeko eta, beraz, Tourreko antolatzaileei grazia handirik egingo ez dien argazkia errepikatuko da gaur Grenoblen. Etapa garaipena, berriz, David Moncoutie frantsesak erdietsi zuen oso urrunetik jotako eraso eder bati esker.
Galibier, Croix de Fer eta Longchamp mendateek aukera paregabea eskaintzen zuten erasorako eta, oso ohikoa izan ez arren, Cadel Evans australiarra izan zen azken igoeran jo eta ke aritu zena faboritoen artean. Matthew Lloyd taldekideak sekulako lana egin zuen taldea txikitzen eta Jurgen Van den Broeck ere saiatu zen, gehiegi asmatu gabe, talde buruari laguntzen. Valverdek eta Contadorrek, ordea, erraztasun handiarekin erantzun zituzten Evansen eraso kolpeak. Helmugako azken ahaleginean bakarrik atzeratu zen Astanako madrildarra, 14 segundo galduz.
Etapa irabazteko borrokan, berriz, David Moncoutie beteranoak erakustaldi aparta eman zuen. Lehen kilometroetan sortutako ihesaldi jendetsuan (21 ziklista) sartu zen Cofidiseko txirrindularia eta mendateak pasa ahala bere gaitasuna nabarmentzen joan zen. Azken igoerari bakar lanean ekin zion eta faboritoek gogor jo arren, abantailari eroso eusteko gai izan zen. Nabarmentzekoa da 34 urteko txirrindulariaren lehen garaipen sonatua itzuli honetan bertan iritsi zela orain dela hamar urte. Aurten bertan, Mediterraneoko Tourrean etapa bat irabazi zuen, Mont Faron-en.
Laranja, non-nahi
Inork zalantzarik baldin bazeukan, argi gelditu zen atzo ere Euskaltel Euskadi denboraldiko unerik beroenera iritsi dela. Aurreko egunetan hainbat aldiz saiatu ostean, talde laranjak hiru gizon sartu zituen eguneko ihesaldian: Egoi Martinez, Iñigo Landaluze eta Mikel Nieve. Etaparen gogortasunak, banaka-banaka, atzean utzi zituen euskal ordezkariak, baina benetan aipagarria izan zen debuta egin zuen Nievek azken mendateraino egindako lan aparta. Bera izan zen atzean gelditzen azkena.
Sailkapen nagusiari begira, Mikel Astarlozak nahiago izan zuen Evansen erasoak ahaztu eta bere erritmoan igo. Pasaitarrak hamargarren postuan amaitu zuen etapa, faborito nagusiekiko bi minutu eskas galduta, eta bosgarren postuan amaituko du itzulia. Bai bera eta bai taldea baikor azaldu dira Tourrera begira oraindik egin dezakeen hobekuntzarekin.