GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Gatazkak dirauen bitartean presoak agerian egongo direla dio Etxeratek

Lakuako Barne Sailak presoen argazkien kontra abiarazitako ehiza «tamalgarri» jo dute errepresaliatuen senide eta lagunek, eta irudi horiek «soilik gatazkaren konponbidea lortzen den egunean» desagertuko direla adierazi dute irmo. Ikur horiek errealitatearen parte izateaz gain, espetxe politikaren salaketa ere badirela adierazi dute. Bien bitartean, «bortizkeria eta harropuzkeriaren aurrean, duintasunez eta elkartasunez» erantzuteko deia egin diote jendarteari.

Oihana LLORENTE |

Duintasunak eta elkartasunak bat egin zuten atzo Donostiako Haizeen Orrazian, eta Lopezen Gobernuak euskal presoen irudiak desagerrarazteko abian jarri duen jardun errepresiboa gogor salatu zuten ehunka senidek bertan. Beraiekin bat egin eta Lakuaren «bortizkeriari eta harrotasunari» duintasunez eta elkartasunez irmo erantzuteko deia egin zioten euskal jendarteari.

Euren senideen irudiak «sinboloak» direla adierazi zuten eta nahiz eta Patxi Lopez lehendakariak, Rodolfo Ares Lakuako barne sailburuak eta Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak «etengabeko saiakera egin», irudi horiek Euskal Herriko kaleetatik «soilik gatazkaren konponbidea iristen den egunean» desagertuko direla adierazi zuten, kartzelan diren senideen argazkiak harro eusten zituzten bitartean.

Jakin badakite Lakuako Barne Sailak «bortizkeria erabiltzeko inpunitate osoa» duela Donostian bildu ziren senideek. Euren ustez, gainera, «soilik horrela estal dezakete deserosoa zaien errealitatea»: «740 euskal preso politiko egotea eta euren aurkako espetxe politika kriminalaren salaketa», zehaztu zuen Lurdes Zabalegi Etxerateko kideak.

Euskal preso politikoen argazkiak kalean presente egotea zein garrantzitsua den azaldu zuen, eta gure herriko «errealitatearen parte» izateaz gainera, irudiak agerian egoteak «heriotza eta sufrimendua besterik ekarri ez duen» espetxe politika salatzeko ere balio duela adierazi zuen.

Elkartasuna kriminalizatu

Euskal presoen argazkiak hainbat taberna, etxe eta plazatatik kendu izana, «tristura eta amorrua» eragin diela onartu eta «erabat neurri politikoa» dela baieztatu zuen Zabalegik. Horren helburua elkartasuna «kriminalizatzea» dela nabarmendu zuen, eta, areago, irudiak ezabatuz «espetxe politika kriminala ikusezin bilakatu» nahi dutela eman zuen aditzera.

Finean, Zabalegiren iritziko, «zigorgabetasuna» lortzea da era honetako neurriek lehenesten duten helburua. Horrela, «larriki gaixorik diren eta zigor osoa bete duten presoak espetxean mantentzeko, tortura iraunarazteko, preso politikoen eskubideak behin eta berriz zapaltzeko eta dispertsioarekin jarraitzeko beharrezkoa duten inpunitatea eskuratzen dute», salatu zuen.

Lakuako Barne Sailak eta hainbat komunikabidek mahai gainean «errepresio pauso berri bat» jarri dutela eta «izua zabalduz elkartasuna ezabatzeko» asmoa dutela helarazi nahi izan zieten herritarrei preso politikoen senideek. Lopezen eta Aresen asmoek porrot egin dutela ziurtatu zuten agerraldian, eta euskal gizarteari zuzendu zitzaion Zabalegi, gizarteak ematen duen erantzuna «zenbat eta duinagoa eta irmoagoa izan elkartasuna kriminalizatzea orduan eta zailagoa bilakatuko dela» esateko.

Datozen hilabeteetan presoen argazkiak kentzeko eraso bortitzak izango direla argi duten arren, espetxean dituzten senideak ez dituztela inoiz estaliko esan zuten eta udan Euskal Herri osoa espetxean diren 740 euskal herritarren argazkiekin beteko dutela ohartarazi zuten. Plazak, kaleak, jaiak, txosnak eta abar non, euskal presoen irudiak bertan izango direla ziurtatu zuten.

mobilizazioak

Presoen mobilizazioek ez dute etenik, atzo goizean adibidez, 36 izan ziren Hondarribian bildu ziren bizilagunak eta ostiralean 300 Hernanin batutako lagunak.

Udan presente

Uda osoan zehar 740 euskal presoen argazkiak Euskal Herriko kaleetan, txosnetan, jaietan eta plazetan presente egongo direla ziurtatu zuten Etxerateko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo