GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jendetza Urkiolan eta harriaren bueltan

Urteroko zitari jarraiki eta primerako eguraldiak lagunduta, jendetza bildu zen atzo Urkiolako santutegiaren inguruan San Antonio eguna ospatzera. Bertaratutako asko badaezpada ez zen etxera itzuli, «tximistarriari» tradizioak agintzen duen moduan itzuliren bat egin gabe.

GARA |

Eguna argitzearekin batera, primerako eguraldia zen atzo eta, horrenbestez, jendetza bildu zen beste behin ere, San Antonio egunean Urkiolako santutegiaren inguruan. Eta noski, bertara joan eta «tximistarriaren» inguruan bueltak eman gabe inor gutxi etxeratu zen, badaezpada.

Meteorito bat dela uste dute batzuek. Baina minerala dela diote, ostera, adituek. Bata edo bestea izan, tradizioak dio hari bueltak ematen dizkionari, San Antoniok mutil edo neska laguna emango diola.

Behar baino buelta gehiago

Ohiturari eutsiz, urtero-urtero makina bat lagun batzen dira harriaren bueltan; txanda eginez, batek amaitu orduko bestea hasi.

Batzuk harriaren inguruan zazpi buelta eman behar direla diote -beste batzuek hamairu-edo- eta guztiak erlojuaren orratzen norabidean gainera. Baina badira tartean beharrezkoak baino buelta gehiago egin behar izaten dituenik, etxetik halako eta bestelakoren enkarguak hartuta joaten delako.

Nolanahi ere, harriaren inguruan bueltak emateaz gain, Urkiolara joandakoek egun pasa ederrerako aukera izan zuten; izan ere, San Antonio egunaren karietara jai egitarau berezia antolatua zuten, eta bertsolari eta trikitilariekin batera, elizkizunak eta ganadu eta baserriko produktuen azoka ere izan ziren aukeran. Asko eta askorentzat huts egin ezinezko zita da hau, eta, beraz, batetik eta bestetik autobus zerbitzuak ere antolatzen dira Urkiolan egiten den jaira joateko.

Ingurua ere aproposa da egun pasa joateko, baina atzo estimu handiena inguruko zuhaitzen oinek izan zuten; eguzkiak gogor berotu zuen eta itzala gogotsu bilatu zuten izan ere asko eta askok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo