Pizgarri gutxi eta garrantzi eskasa
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
90 minutu gutxiago faltako dira gurutzebidea amaitzeko. Hori izan daiteke Eibarrek Castaliako partidari ekiteko izan dezakeen pizgarri bakarra, denboraldia aspaldi erabakita baitago, kasu batzuetan motibazio gehiago egon daitekeen arren.
Josu Uriberen kasuan nahiko argi dago, bi jardunaldi besterik ez baitira geratzen Liga amaitzeko eta entrenatzaileak ez du oraindik Eibarrekin garaipen bakar bat eskuratu. Gazteen kasuan partidak bere garrantzia dauka: azken asteotan estreinatu diren Xabi Iruretagoiena, Asier Sanchez eta Ander Olaizola, datorren urtean lehen taldean lekua izan dezaketela erakusten saiatuko dira. Are gehiago Xabi Garalderi dagokionez, gaur debuta baitezake.
Horixe da zalantza nagusia hamaikako armagina iragartzeko orduan. Lesioak eta zigorrak direla medio, Uribek ia atzelaririk gabe egin zuen Castellorako bidaia eta Garalderen beraren eta Raul Garciaren artean aukeratu beharko du Biel Medinaren bikotea topatzeko. Hernaniarra aritzen bada erdian, Rekartek eta Romerok jokatuko dute hegaletan; baina Romerok bi hilabete jokatu barik daramatzala kontuan hartuta, Uribek bere lekuan Raul Garciak koka lezake, Garalderi alternatiba hasiera-hasieratik eskainiz.
Etorkizuna
Zaleen ikuspuntutik ere, beste gazte baten debuta izan liteke eguneko albisterik garrantzitsuena, partidak berak ez baitauka inolako garrantzirik. Ez sailkapenari dagokionez, ez eta taldearen etorkizunari dagokionez ere. Aurreko asteotan zurrumurruek zuzendaritza Josu Uriberen jarraipena baieztatzeko garaipen baten zain zegoela esaten bazuten ere, azken egunotan erabakia jadanik hartua dagoela diote iturri horiek. Hau da, bere ibilbide penagarria garaipen bakar batekin duintzen ez badu ere, litekeena da entrenatzaile asturiarrak Eibarren aulkian jarraitzea.
Behin-betiko erabakia, hala ere, ez da denboraldia amaitu arte ezagutaraziko. Beharbada, datorren astean, Ligako azken partidan, Ipuruako zaleek aukeraketa «epaitu» ez dezaten.