GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Aimar Irigoienek 200 kiloko koparekin aurreneko marka ezartzeko asmoa agertu du

Errezildarra datorren larunbat arratsaldean arituko da Tolosako zezen-plazan.

Jon LEUNDA | TOLOSA

Aimar Irigoienek marka handi bat egiteko asmoa iragarri zuen atzo. Tolosan izango da datorren larunbatean, eta bertan 200 kiloko zilindro kopa erabiliko du hiru minututako bi txandatan.

Harri horrekin orain arte ez dago markarik. 175 kilokoa izan da erabili den handiena orain arte, eta hor ere errezildar gazteak ditu markak. Hiru minutuko txanda batean 18 jasoaldi dauzka eginak, eta 13 jasoaldi bi minutuko saioan.

Jaialdia Tolosako Harri Festaren barruan izango da. Saioa zezen-plazan izango da, eta Aimarrez gain, Miren Urkiola ere izango da lanean. Horrez gain, harri-zulatzen Altzo eta Jaizubia taldeak lehiatuko dira. Gizon proban, berriz, San Juan saria jokatuko dute. Zortzi lagunez osatutako hiru talde izango dira: Tolosaldea, Orio-Usurbil eta Zumarraga. Hau guztia ikusteko sarrerak 20 eurotan egongo dira salgai.

Aurkezpenean bertan, errezildarraren ordezkariak desafio bat ere bota zuen. Iragan astean Egur Sport enpresak desafio sariketa bat antolatu nahi zuela iragarri zuen. Bertan Izetatarrek, beste hiruren aurka jokatzea nahi zuen, txanda librean.

Aimarren ordezkariak honako desafioa bota zion Egur Sporti: Aimar bera bakarrik izango litzateke, eta hirukote baten aurka neurtuko litzateke, hamar minutuko hiru txandatan. Hirukoteko bakoitzak txanda bat egingo luke, 15.000 euro jokoan. Harria 125 kiloko kubikoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo