GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bi urteko kartzela zigorra, adimen urriko neska bati sexu abusuak egiteagatik

Nafarroako Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio adimen urriko neska bati sexu abusuak egin zizkion gizon bati. Igandean gizon bat atxilotu zuten Gasteizen neska bat bortxatzen saiatzeagatik.

p019_f02_100x110.jpg

GARA |

Nafarroako Auzitegi Gorenak bi urteko espetxe zigorra ezarri dio adimen urritasuna zuen neska bati sexu erasoa egin zion gizonezko bati. Gainera, erasotzaileak 20.000 euro ordaindu beharko dizkio biktimari eta ezin izango da harengandik 50 metro baino gutxiagora hurbildu.

Epaiaren arabera, 2006ko uztailean, gizonezkoak, S.S.R.-ek, guztira hiru aldiz eraso egin zion hogeita bederatzi urteko neskari Zubiriko Esteribar kiroldegiko bainugeletan. Era honetan, Nafarroako Auzitegi Gorenak epaileak ezarritako zigorra goitik behera berretsi du, gizonak helegitea aurkeztu zuen arren. Abokatuaren ustez, biktimaren deklarazioan «kontraesan eta anbiguotasun anitz» izan ziren, eta gainera ordaindu beharreko kalte-ordaina «gehigizkoa» iruditzen zitzaion.

Bestalde, Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio bere bikotekide ohiaren etxean sartu eta hau jipoitu eta iraindu zuen gizonezko bati. Gaur hastekoa zen epaiketa, baina azkenean akusazioa eta defentsa akordio batera iritsi ziren, gizonezkoak adostutako zigorra onartu duelarik. Horretaz gain, 2.160 euroko isuna ordaindu beharko du erasotzaileak.

Gertakariak 2002. urteko ekainean gertatu ziren. Gizonak emakumea behin baino gehiagotan mehatxatu eta iraindu zuen haren senarrarekin itzul ez zedin eskatuz. Hori ikusita, biktimak harremana haustea erabaki zuen, eta zentzu horretan, bere etxetik joateko eskatu zion bikotekide ohiari, baina honek ez zion jaramonik egin.

Orduan, emakumeak etxeko sarraila aldatu zuen, baina gizonak etxean sartzerik ez zuela ikusi zuenean, atea eta leihoak hautsi zituen eta barrura sartu zen. Biktimak Ertzaintzari deitu zion eta gizona bertatik atera zuten.

Beste alde batetik, herenegun 34 urteko gazte bat atxilotu zuten Gasteizen, emakume bat bortxatzen saiatu eta min emateagatik. Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, erasoa igande gauean izan zen, 22.20 aldera, Portal de Betoño kalean. Gizona emakumearengana hurbildu eta hau bortxatzen saiatu zen. Biktimak 38 urte ditu.

Ezinegona Santutxun

Santutxuko emakume gazteen Iduna elkarteak prentsaurrekoa eman zuen atzo, azken egunetan auzoan gertatu diren sexu erasoak salatzeko. Iragan asteko larunbatean eta ostegun honetan gertatutako sexu erasoak bakanak ez direla ohartarazi eta «indarkeria, sistema kapitalista eta patriarkalaren ondorio» dela salatu zuten. Horrez gain, Bilboko Udalaren aurka ere gogor jo zuten, haien ustez, Bilboko hiria «gizonezkoen neurrira eginda» dago eta. «Auzoa hobetzeko alternatibak eman arren, Udalak beste aldera begiratu du», gaitzetsi zuen Santutxuko emakume gazteak biltzen dituen elkarteak.

Haien aburuz, «mota honetako eraso guztien atzean batzuen interesak eta botere gosea daude». «Borrokan jarraituko dugu emakumeentzat bidegabekeria dakarren sistema kapitalista eta patriarkalaren aurka», ohartarazi zuten. Prentsaurrekoa bukatutakoan, orain astebete bezala, manifestazioa egin zuten auzoko kaleetan barna.

sexu erasoak

Bilboko Santutxu auzoan bi sexu eraso gertatu dira azken egunetan; bat joan den asteko larunbatean eta bestea ostegunean. Emakumeen elkarteek auzoko kaleetan dagoen segurtasun falta salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo