GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Luis Bilbao Larrondo Historialaria

Bilboko etxebizitza arazoari buruz

Egungo krisialdiari dagokionez, berriz, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko erantzuna aurrefabrikatzea izan ez arren, daukagun eskarmentua aintzat hartzekoa izango litzateke

Hirigintza eta etxebizitzaren historialariok jakin badakigu eman behar izaten dugun lehenengo urratsa ikertzea dela, hori bai, hainbat ikuspuntutatik: politikoa, ekonomikoa, soziala eta arkitektonikoa, besteak beste.

Hala ere, kasu honetan etxegintzaren arlo berezi bati buruz besterik ez dugu hitz egingo: etxebizitzak aurrefabrikatzeko sistemari buruz, hain zuzen.

Egun, etxebizitzak aurrefabrikatzeko sistemaren bitartez, bai Bizkaian bai Araban hainbat ekintza egiten ari dira: Habidite, Labein edota Visesa, besteak beste.

Baina zertan datza? Langile kopuru txikiarekin etxebizitza merkeagoak zein arinagoak egitea du helburu. Autoak egingo balira bezala, hots, serie-fabrikazioan.

Dena dela, etxebizitzaren aurrefabrikazioari dagokionez, Bilbon daukagun eskarmentua ez da makala. Hirurogeiko hamarkadan milaka etxebizitza behar zirenez, Bilboko agintariek konponbide bila Europa aldera jotzea erabaki zuten.

Frantzian, adibidez, aurrefabrikazio sistema horiei zegokienez, esperientzia izugarria zeukatenez gero, bertako agintariek sistema horiek erabiltzea deliberatu zuten.

Garai hartan, garapen ekonomikoarekin batera, bigarren iraultza industriala zetorkigunez, hala gizarte teknologikoa nola politika zientifikoa egiteko aukera aparta geneukan. Horretarako, guztiz beharrezkoa zen bultzatzea bai ikerkuntza bai irakaskuntza, batik bat, Bizkaiko gizartean, zientzia arloan, gero eta erakargarriago egiteko.

Bilbon, esaterako, hainbat esperientzia izan ziren: alde batetik, Torrontegi Laborategiak (Ingeniaritza Eskolan) eraikuntzari buruzko zenbait ikerketa egin zituen, zientifikoak nahiz teknikoak. Bestetik, Bizkaiko Etxebizitzak (ongintzarako eraikitzailea) zenbaitetan aurrefabrikazio astuneko Fiorio sistemak, jatorri frantsesa zutenak, erabili zituen. Halaber, bertoko egunkariek ere beste herrialdeetako esperientziak ezagutarazi zizkiguten.

Sarritan, Bilboko agintariek kezka agertzen zuten, ez baitzekiten zein izan zitekeen hiriaren garapenerako leku aproposena, orube gabezia zegoen eta. Azkenean, Asuako bailarara jo zuten. Bizkitartean, Txurdinagako eta Begoñako poligonoetan ere bazeukaten lur aukerarik artean. Bertako lurzoru guztia aukera paregabea izan zitekeen sistema horien balioa probatzeko.

Bestalde, Rufino Basañez arkitekto bilbotarrak Le Corbusier arkitekto ospetsuaren ametsa Bilbon bertan konplitzea aintzakotzat hartzekoa da. Lehenik, Deustuko zabalgunean, San Inazion, hain zuzen, etxebizitza unibertsalaren proiektua -l´Unite D´Habitation- mahai gainean jarri zuenean (Estatuan ez dago parekorik). Basañezek, bestalde, Txurdinagako poligonoan aurrefabrikatzeko sistemaren bidez egin zituen etxebizitzak. Hori guztia Jose Luis Calvo teknikari, eraikitzaile eta asmatzaileari esker izan zen posible, Prescoin delako sistema asmatu zuelako etxebizitzak aurrefabrikatzeko.

Agian, Basañez ezohiko arkitektoa izateak bazuen zerikusirik. Burututako honi guztiari etxebizitzaren arazoa konpontzeko egindako ikerketak ere batu beharko genizkiokeelako, edota eraikuntzarako erabilitako material berria, eta, orobat, Ekialdeko Europara egindako bidaiak, hango esperientziak ikertzeko, edota James Stirlingekin berarekin -une hartan munduko arkitekto garrantzitsuena- batera gauzatutako proiektu eta asmoak.

Alabaina, halako sistemek zergatik ez zuten arrakastarik izan? Ez dago erantzun bakarra, ugari baizik.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Bilboko Arkitektoen Elkargoak, hiriko egoera zela-eta, salaketa gogorra egin zuen, etxebizitza urritasun izugarria izatearekin lotura zuena, egoera gero eta larriagoa zen eta. Halaber, lurraren prezioarekin ere bazuen zerikusirik; hura gero eta handiagoa zenez, hirigintza hondamendi hutsean jausi zen. Gainera, etxegintzak espekulazioa baino ez zekarren, ez baitzegoen ezta zerbitzuetarako instalaziorik ere. Zer esanik ez, asmo argia zegoen: publikoa zena pribatu bihurtu zen etekinak lortzeko.

Aspaldiko partez, hirian ez zituzten eraiki leku berriak, ezta toki libreak ere. Are gehiago, hiriaren kanpoaldean ere hirigintzak kalitate eskasa zuen eta, hala ere, dentsitate handia. Agerikoa zen, krisi ekonomikoan bete-betean geundela, arlo guztietan, baina eraikuntzan bereziki, eragin handia izan zuena.

Antza denez, Francoren heriotzarekin erregimenaren barruan ziurgabetasun harrigarriak sorrarazi zizkion, sekulako aldaketa zetorkiolako. Haatik, egoera larriena Bilboko Udalarena zen, mila eta bostehun milioi pezeta zor baitzizkien hartzekodunei. Ez zegoen ezbairik: azken hamarkadetako krisialdirik txarrena zen.

Horregatik guztiagatik, esperientzia moduan onuragarria izan zitekeen, baina konponbide bezala porrot ederra besterik ez zen izan. Egungo krisialdiari dagokionez, berriz, etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko aurrefabrikatzea erantzuna izan ez arren, daukagun eskarmentua aintzat hartzekoa izango litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo