GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | EPPK-ren liburuaren aurkezpena

Itzalpeko eta burdinen arteko historiak argia ikusi du

Euskal preso politikoen kolektiboa osatzen duten gizon eta emakumeen testigantzak bildu, eta ezabatzeko makina bat saiakera egin duten historia argitara eman dute. Burdin artean bizi den herriari barroteen arteko tartea baliatuz, askatasun haizea liburu forman oparitzeko. Atzo aurkeztu zuten jendaurrean, ekitaldi xume bezain hunkigarrian.

p014_f01_312x321.jpg

Oihana LLORENTE

``Burdinen arteko herria'' izenburua duen liburuak gure herriko historiako ezinbesteko lekukoa den kolektibo baten bizitza ematen du argitara, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten gizon eta emakumeena, alegia. «Odolaren eta sufrimenduaren» historia dela eman zuen aditzera, atzo Donostian liburuaren aurkezpen lanak egin zituen Jon Enparantza abokatuak, baina baita «duintasuna eta tinkotasunaren historia» ere, gaineratu zuen.

Euskal Herriaren historia kartzelari atxikita dago ezinbestean, bata ezin da bestearengandik banatu. Joxean Agirrek azaldu bezala, 1936tik gaur arte soilik zazpi egun izan dira euskal preso politikorik gabe eta gainontzeko egun guztietan beti izan dira Euskal Herriaren alde lan egiteagatik giltzapetutako herritarrak. Egun, 740 dira egoera horretan dauden euskal herritarrak eta haientzat izan ziren lehen hitzak.

EPPK, ordea, milaka eta milaka herritarrek osatzen dute eta, zoritxarrez, partaide berrien kopurua etengabe hazten ari da. Liburu hau kolektiboaren isla izateko jaio da, eta, horregatik, liburua bera kolektiboa da, ez du meritua hartzen duen idazlerik eta testigantza eman duten preso zein preso ohiak dira benetako protagonista zein egileak.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboan ekarpen handia egin duen militante bat izan zuten bereziki gogoan, desagerturik dagoen Jon Anza. 21 urte espetxean eman zituen donostiar honek, liburuan, bere gogoeta eta testigantzekin, parte hartu duela azaldu zuen Agirrek eta desagerrarazita ere, «berak urte hauetan guztietan emandakoa gurekin geldituko» dela nabarmendu zuen hunkiturik; «hori ez digute lapurtuko».

Entzule ororen ileak laztu ziren bat-batean, Agirrek EPPK ordezkatzen duen irudia Jon Anzak Puertoko espetxean egina zela aditzera eman zuenean.

Oraindik idazteke

Enparantzak esan bezala, EPPKren historia ez da amaitu eta zoritxarrez, gaurkotasuna eta segida du. Horrenbestez, bere hizketaldian egungo egoerari heldu zion EPPK osatzen duten herritarrak bizi duten egoera «gordina» gogora ekartzeko. Larriki gaixo diren presoak espetxean mantentzeko «asmatutako» heriotza zigorra edota bizi arteko zigorra sustatzen duen doktrina izan zituen hizpide, bai eta espetxea atzean utzita preso ohiek sufritzen dituzten kontrolerako neurri berriak ere.

Neurri horiek guztiek presoa, pertsona gisa, suntsitu eta EPPK zatitzeko helburua dutela salatu zuen abokatu donostiarrak; alabaina, neurri berriak asmatu behar izanak aurrekoen porrota argiki erakusten dutela adierazi zuen Enparantzak, «sufrimendua areagotu dute bai, baina porrot politikoa jaso dute bueltan», azaldu zuen.

Duela gutxi Lopezen Gobernuak abiatutako euskal preso politikoen argazkien kontrako gurutzada ere salatu zuen abokatuak, eta hau ere «saiakera ustela» izango dela esan zuen, «herri honek bizitzeko eta borrokatzeko duen grina etengabe berritu duelako».

Itxialdi, gose greba eta bakartze artean idatzitako liburu hau aurkeztearekin batera, sakabanaketa amaitzeko eta euskal preso oro euren eskubideen jabe Euskal Herriratzeko eskatu zuen Enparantzak.

Aurpegi ezagunak aurki zitezkeen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Arnaldo Otegi, Ainhoa Etxaide eta Rafa Diez, besteak beste, EPPK osatu duten preso ohi andana tartean zirela. Euskal presoen ondoan diren abokatu eta senideak ere han ziren, bai eta presoen eskubideen alde lan egiten duten herritarrak ere. Joseba Sarrionandia eta Urtzi Zubizarretaren olerkiak jaso eta EPPKren historiaren hainbat pasarte biltzen dituen bideo hunkigarria ikusi, aspaldiko lagun eta ezagunak besarkatu eta hamaiketako goxoa dastatzeko beta izan zuten Euskal Herri luze zabaletik Donostiara hurbildutako herritarrek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo