GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zaballako kartzelako lanak geldi ditzaten eskatu dute berriz ere

GARA |

Makrokartzelen aurkako Plataformak agerraldia egin zuen atzo, eta beste behin ere Zaballan egiten ari diren kartzelaren eraikitze lanak gelditzeko eskatu zuten, epaitegiek gaiaren inguruan erabaki bat hartu arte behinik behin. Izan ere, salatu zuten, proiektuaren aurka Arabako Aldundiak administrazioarekiko helegitea jarri zuela orain lau hilabete eta oraindik ere lanak aurrera dirautela.

Errekurtso horren egoeraren inguruan azaldu zuten Barne Ministerioak aurkeztutako alegazioetan, besteak beste, eremu honek ingurumen babesik ez duela dioela. Plataformaren esanetan, «hori gezurra da, eta ez zela inolako alternatibarik proposatu ere gezurra da, gu ez gaude beste inon jartzearen alde, baina Aldundiak beste hiru toki proposatu zituen».

Halaber, plataformak fiskaltzara jo du administrazioek egin duten «erantzukizun utzikeria» azter dezan. «Iruña Okako alkateak ez du onartutako mozio bat errespetatu; Aldundiak lanak geldi zitzakeen, horiek berak emandako baimenak aurreikusitakotik kanpo zeudela ikustean; eta Lakuak ere, ingurumen eskumenak dituenez, geldi zitzakeen... baina inork ez du ezer egin».

Informazio bilera

Makrokartzelen aurkako Plataformak, halaber, «gaia gizarteratzeko», datozen egunetan abian jarriko dituen ekimenen berri ere eman zuen agerraldian. Izan ere, plataformaren iritziz, proiektu zehatz honen inguruko informaziorik ez da eman eta eztabaida saihestu da.

Hala, datorren astelehenean, arratsaldeko zazpi eta erdietan, informazio bilera egingo dute Gasteizko kultur etxean. Bertan plataformako kideez gain, Arabako Ingurumen diputatua eta teknikariak izango dira, proiektuaren egoeraren berri emateko.

Bestalde, plataforman elkartu diren talde eta eragileek ere bakoitzak bere eremuan lanean jarraituko dutela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo