GARA > Idatzia > > Kultura

Haizetara fanfarre lehiaketa, laugarrenez Zornotzako kaleetan

p040_f02_88x104.jpg


Anartz BILBAO | BILBO

Asteburu honetan Haizetara IV. Kaleko Musikarien Nazioarteko Lehiaketa izango da Zornotzan, Europako bederatzi talde eta hamargarren gonbidatu baten partaidetzarekin. Lehiaketak 10.000 euroko saria du fanfarre onenarentzat. Horretaz gain, ikus-entzuleek 4.000 euroko saria banatuko dute eta musikari onenak 1.000 eurokoa jasoko du.

Gainera, lehiaketaz gain, bigarren eskuko musika tresnen azoka ere egingo dute beste behin ostiraletik igandera, eta Jorge Lopez de Gereñuren «Arimaz: jazza margotzen» erakusketa paratuko dute Zelaieta zentroan.

Parte hartzaileen artean, sei herrialdetako fanfarreak izango dira, dixieland, funky, latin-funk, ska eta rythm´n blues estilokoak. Aurten hogeita hamar taldek eman dute bertan parte hartzeko izena, eta horietatik bederatzi aukeratu dituzte.

Alemaniarra dugu bat, Express Brass Band. 1999an Munich hirian sortua, jazzetik hasi eta musika arabiar andaluziarreraino bidaia egiten du taldeak. Belgikarra beste bat, Fanfare du Belgistan deiturikoa. Zazpi musikarik osatutako fanfarre basati eta dantzazalea dugu Utrecheko taldea, ijito eta Balkanetako soinuen jarraitzaileentzat egokia. Europa erdialdearekin bukatzeko, Brasta herbeheretarrak aipatuko ditugu, Marij Nielen artistak margotzen duen bitartean jo eta su jardungo duen banda.

Frantziar estatutik bi talde lehiatuko dira Haizetaran. Bauleko D´Ixie et D´ Ailleurs da bata, Mississippi ibai ertzeko 20ko hamarkadako swing doinuak jorratu ohi dituena, eta Estrasburgoko La Fanfare en Petard bestea, 2003an sortu eta ska, funk eta reggae doinuak nahastu eta jai giro paregabea sortuko duena. Portugaleko Leiriatik Desbundixie zazpi musikariz osatutako taldea eta Madriletik mojito-jazz egiten omen duen La Brassa Band hurbilduko da Zornotzara. Galiziatik, berriz, Santiagoko Festicultores Troupe parrandazale amorratuak, gurdi-traktore eta guzti. Bukatzeko, Turukutupa gasteiztar perkusionisten ikuskizunak beteko du Euskal Herriko ordezkaritza.

Talde gonbidatua, berriz, Irmaos Esferovite portugaldarra da, musika, umorea eta zirku berria konbinatzen duen pailazo familia.

Gastronomia

Jarduera guztien topagunea Zelaieta zentroa izango da, ostiralean 18.30ean hasi eta igandeko 14.00ak arte. Lehiaketako emanaldiez gain, formatu txikiko kontzertuak ere joko dituzte herriko zenbait jatetxe, taberna eta hoteletan kataluniar Barnouche taldeak eta Euskal Herriko Sei On Suite eta Bop Assault Forcek. Eta inork goserik eta egarririk izan ez dezan hiru gune jarriko dira: Euskal Taberna Gernika plazan, sagardotegia Zelaieta parkean eta garagardotegia Zubiondo plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo