GARA > Idatzia > > Kultura

The Beatles-i eta «hain ezagunak ez direnei» omenaldia eskaini die Juan Carlos Irizarrek

p042_f02_46x88.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Ez da ohikoena izaten elizetan The Beatles edo Rolling Stonesen kantuak entzutea. Juan Carlos Irizar, musikagile eta pianojotzaile oñatiarrak, ordea, betidanik izan du horretarako zaletasuna: «Hainbat elizatan jo izan dut eta beti sartzen nuen kanturen bat. Elizako gaia gustatzen zait, baina kontserbatorioan karrera egin nuenean ere beti dena klasikoa zen eta nik modernoa sartu nahi nuen, pop-rocka... Nahiz eta noiz edo noiz arazoren bat eman didan», azaldu zuen Irizarrek atzo Donostiako Aquariumean egindako aurkezpenean. Dagoeneko berrogei diskotik gora argitaratu dituen musikagile aseezin honek, omenaldia eskaini nahi izan dio oraingoan Liverpooleko laukoteari, «The Beatles eta ni» diskoarekin, «oso momentu onak pasarazi dizkidatelako», azaldu zuen.

Euren hamabi kantu («Yesterday», «Let it be», «Hey Jude», «Yellow submarine»...) modu instrumentalean biltzeaz gain, berak sortutako bederatzi doinu original ere jaso ditu diskoan eta bakoitza norbaiti eskaini: «Badira hainbat pertsona, hain ezagunak ez direnak baina izugarrizko lana egin dutenak bizitzan eta, horiei ere, nire omenaldi txikia eskaini diet». Horien artean daude Gautena Gipuzkoako Autismo elkartea, Alvaro Fernandez Gaviria konpositorea, Margarita Lopez de Maturana, Poxpolo eta Mokolo pailazoak... Bestalde, Esther Esparza aktoreak bere poema bat errezitatu du «Las faldas de Cupido» kantuan.

Maila altuko musikariak bildu ditu Irizarrek disko hau osatzeko. Iker Orozkok oboea jo du, Raimundo Floresek tronpeta, Bilboko Bandako biolinista ere bertan aritu dira, Karmelo Mendizabal soinu-jotzailea, aho-soinua jotzen duen Alvaro Fernandez eta Bilboko Alfredo Niharra gitarra-jotzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo