Mikel Aramendi Kazetaria
Bantustanak berregin nahi ditu Netanyahuk
Nazioarteko itun eta ebazpen guztiak antzutuz erditua, hiriburua eta lurraldearen zati handiak ostuko litzaizkiokeena, indar armaturik gabea, kolonia/base atzerritarrak bere baitan onartzera behartua... Hau da, etsaiaren nahierara egindako engendroa
Suminduta jarri ohi dira Israelek gure artean dituen abokatuak -doanekoak zein soldatapekoak- garai bateko (ez hain aspaldiko) Hegoafrikarekin konparatzen zaienean beren bihotzeko kutuna. Halaz guztiz ere, Israelen agintea dutenei kidetasuna ez zaiela horren ezatsegina gertatzen esango nuke, propaganda kontuetarako hori aitortzea ez dela komenigarria argi duten arren. Nolanahi ere, behin edo behin alderaketa hori egiten dugunok ez gabiltzala batere oker berrestera etorri da Netanyahu paregabea, berriro ere.
Bestela, ea nork aurkitzen duen hiztegi politikoetan «bantustan» hitza baino aproposagorik Likudeko buruzagi eta lehen ministroak palestinarrentzat onetsi (?) duen «estatu» horrentzat: nazioarteko itun eta ebazpen guztiak antzutuz erditua, hiriburua eta lurraldearen zati handiak ostuko litzaizkiokeena, indar armaturik gabea, kolonia/base atzerritarrak bere baitan onartzera behartua... Hau da, etsaiaren nahierara egindako engendroa. Aldian aldiro auzoko nagusiaren oinei muin egin beharko dietela gehitzea bakarrik falta izan zaio. Edota Kanpo Arazoetako arduraduna duen Liebermanentzat utziko zuen hori.
Suediako Kanpo Arazoetako ministro ezin moderatuagoari ere lotsagarri samarra iruditu zaiola dirudi: «Eztabaidagarria da berak [Netanyahuk] aditzera eman duen hori estatutzat har ote genezakeen. Estatu bat ezin da nolanahi xedatu». Lotsa, ordea, ez da horren ohikoa gure mandatarien artean: gehienek, Solana eta gainerako bizkarroi europarrengandik hasi eta Obamaren ingurukoengan amaituz, baikor eta aurrerapausotzat hartu dute. Emango balitz, pausoa noranzkoa litzatekeen igartzeko gauza ez bagina bezala.
1970eko hamarkadan, apartheid-agatik pairatzen zuten kanpo isolamenduari eta barne erreboltari ihes egiteko hegoafrikar buruzagiek asmatutako maina politikoa izan ziren bantustanak: Transkei, Venda, Bophuthatswana eta Ciskei «independenteak», eta Kwazulu, Lebowa, eta Qwaqwa «autonomoak». Fikzio politiko eta miseria osozko txotxongiloak. Egia konplitua esateko, asmatu ez baizik, kopiatu/moldatu egin zuten ideia Vorster naziak eta bere morroiek (reservation deitu ohi zitzaien lehen halakoei herrialde anglosaxoietan, eta AEBetan zeuden adibide ezagunenak), eta homeland izena eman ohi zieten maizenik segregazionista zuriek. Ez kasualitatez, hitz horixe darabilte Netanyahu eta abarrek ingelesez balizko «estatu» palestinarraz hitz egitean. Izena eta izana.
1976an Vorster lehen ministroa, hegoafrikar nazien buruzagi ohia, Jerusalemera joan eta israeldarrekin adiskidantzarik goxoenean ikusi zutenean zur eta lur geratu zirenek, eta haien oinordekoek, aintzakotzat hartu beharko lukete ebidentzia: orduko Hegoafrika hitsak eta Israelek garatu zuten lankidetza (aurten beteko da «Vela Gertakaria» deitu zen haren 30. urteurrena, adibidez) ez zen interes material hutsezko ohaidetza izan. Bazen sakonagoko sintonia bat, geroak erakutsi duenez.
Edonola ere, apustu egingo nuke Avigdor Lieberman Chisinauko puta-zain ohiari bost axolako zaizkiola «bere» ideia politikoen sorburuak.