Antxoaren biomasa gora doa, baina motelegi
Ekainaren 30ean, Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluaren txostena jaso ondoren, erabakiko du Europako Batzordeak datorren udaberrian antxoa arrantzatzea baimendu edo ez. AZTIren azterketen arabera, aurten antxoa kopuruak 3.000 tona egin du gora. Biomasa 28.000 tonara iritsi da eta, motel bada ere, badirudi bere onera itzultzeko bidean dagoela, batik bat 2005ean -ordu arte egindako gehiegikerien ondorioz- 9.700 tonako biomasa zegoela kontuan izanda. Hala ere, biomasak gutxieneko muga gainditzen duen arren, Europako Batzordeak ezarritako zuhurtziako mugaren azpitik dago oraindik; hori dela eta, ez dago argi Bruselaren erabakia zein izango den.
Arrantzaleen egoera kaskarra da, baina itsasoarena ere urrun dago ona izatetik, eta antxoa arrantzatzeko debekualdia espezie hori desagertzeko zorian zela ezarri zuten. Lehentasuna espeziearen iraupena bermatzea da, eta helburu hori eta arrantzaleen egoerari irtenbide bat ematea bateragarriak diren aztertu beharko litzateke. Arrantzaleen apustua antxoaren biomasak apurka bere onera egitea eta flotari eustea da, kontrolpeko arrantza eginez. Horregatik eskatu diote Bruselari kuota txikia ezartzeko beren egoera arintze aldera. Erabakiak ez dirudi erraza. Nolanahi ere, erabaki politikoa da. Eta estatuen interesak ez datoz beti bat ingurumenaren orekarekin edota herritarren beharrekin.