GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irungo BFk Alardearen auzia konpontzeko ekimena abiatu du

Urte asko igaro dira jada Irungo alardearen inguruan istiluak sortu zirenetik, «gehiegi». Irungo Bilgune Feministak San Martzial eguna berriz ere jai egun izan dadin lanean ari da. Manifestu bat kaleratu berri du eta sindikatu, talde eta alderdi politiko ugariren atxikimenduak batu ditu. Herritarren parte hartzea oinarrizko jota, beraiei dei berezia egin die.
p015_f02_111x111.jpg

GARA |

Hamabi urtean konpondu ez diren istiluak alboratu eta San Martzial eguna jai giro onean ospatu nahi dutela-eta, Irungo Bilgune Feministak manifestu bat kaleratu du.

Horren berri emateko atzo egindako agerraldian nabarmendu zutenez, Irungo kaleetan ekainaren 30ean bi alardek desfilatzea «herritarrek bizi duten banaketaren zantzua» da. Bistakoa da azken urteetan liskarrak murriztu direla, «aitzitik, horrek ez du oinarrian dagoen arazoa konpondu». Izan ere, azaldu zutenez, belaunaldi berriek oraindik ere jai eredu baten eta bestearen artean aukeratu behar izaten dute.

Irungo Bilgune feministaren iritziko, «XXI. mendean ezin dira gizarteko sektore bat alboratzen duten ohitura, tradizio edota jai ereduak mantendu», are gutxiago, «arlo guztietan emakumeen parte hartzea berdintasunean sustatzen duten legediak onartzen diren bitartean». Testuan, halaber, dei egiten zaio Irungo Udalari, bera baita, Bilgune Feministaren ustez, «gatazka hau konpontzeko erantzukizuna duena».

Nolanahi ere, arazo honek «manifestu bat baino askoz haratago doan konponbidea eskatzen» duela eta «lanketa luze eta zabala» egin beharra dagoela uste dute.

Bide horretan, lehenik eta behin, herritarrei egin zieten dei, «denen artean benetako konponbidea» lortzeko. Baina lan hori abiarazteko manifestua eragile sozial, sindikal eta politikoei ezagutarazi diete eta atxikimendu ugari jaso dituzte. Besteak beste, Ezker Batua, Aralar, Batasuna, ANV eta EPK alderdiena, UGT, CCOO, LAB, STEE-EILAS, ESK sindikatuena eta Bidasoako ELAko Genero arduradun Esti Sanchorena. Horietaz gain, Bidasoaldeko Emakumeak, Asociación Republicanak, Lakaxita gaztetxeak eta Segi gazte erakundeak ere bat egin dute plazaratutako manifestuarekin.

Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Bilgune Feministak eta gaur bertan hitzordua dute Emakundeko ordezkariekin Gasteizen.

Irungo alkate Jose Antoni Santanori dei berezia egin zioten, beraiekin bildu dadin eta gatazka hau «ezkutatu eta normaltasunez jantzi» beharrean, zein irtenbide emango dion azal dezan.

Herritarrentzako hitzak ere izan zituzten, eta atxikimendua eman nahi dutenek irunbf@gmail.com web orrian egin dezaketela jakinarazi zuten.

ordutegiak

Lakuako Barne Sailak iazko ordutegiak mantendu ditu San Martzial egunerako. Alarde mistoa goizeko 10.10ean abiatuko da eta Alarde diskriminatzailea, berriz, 07.40ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo