GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Jose Ramon Garin Lakuntzako alkatea

Hatortxu Rock, eskerrik asko guztioi!

Lakuntzako Udalaren partez eskerrak eman beharrean gaude. Alde batetik, Hatortxu Rock-eko antolatzaileei, elkartasun jaialdi erraldoi hau antolatzeagatik, eta modu bikainean gainera. Lan asko egin dute eta lana eginez gauzak aurrera ateratzen direla erakutsi dute. Bestalde, Hatortxun lanean aritu diren boluntario guztiei. Txanda bakoitzean mila pertsonak lan egiten zuela kontuan hartuta, milaka lagun aritu dira lanean asteburuan, eta kopuru horri jaialdia prestatzen, biltzen eta garbitzen aritu diren eta dauden boluntarioak gehitu behar zaizkio. Euren lanik gabe ez zen jaialdia aurrera aterako.

Baita jaiaz gozatzera hurbildu direnei ere. Jarrera eta portaera bikaina izan dute. Sekulako errespetua izan dute herriarekiko, zerbitzuekiko eta azpiegiturekiko eta ez da inolako arazorik egon. Hurrenez, Hatortxu Rock antolatzeko euren soroak eta bitartekoak modu boluntarioan utzi dituzten herritarrei. Mila esker benetan antolakuntzarekin izandako konfiantzagatik.

Jakina, Lakuntzako herri osoari eskerrik beroenak. Ahalik eta kalte, oztopo eta eragozpen gutxien sortzen ahalegindu gara, baina halako festa erraldoietan saihestezinak diren gauzak daude -hotsak direla eta beste- eta horregatik barkatzeko eskatu nahi diegu guztiei eta hori agoantatzeagatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Baita jaialdiaren kontra zeuden eta hala azaldu ziguten herritarrei ere, arazo gutxiago sortzeko gure lana ahalik eta hobekien egitera bulkatu gaituztelako.

Arbizu, Arruazu eta Uharte Arakil herriei ere eskerrik asko, euren herrietan auto ugarik aparkatu duelako eta jende uholdea jaso dutelako.

Eta azkenik, modu batera edo bestera jaialdian parte hartu duten guztiei: lanean, antolakuntzan, herriko negozioetan beharrean, besterik gabe festan ongi pasatzen...

Eskerrik berezienak denoi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo