«Ez dugu aurrekontu handirik, baina horren gainetik esfortzu eta ilusio handia jarri dugu»
Jesus Mari Mendinueta, Arbizuko alkatea, aurtengo San Joan jaien prestakuntzan buru-belarri aritu da lanean urte osoan, herri mugimenduarekin elkarlanean. Herritarrei parte hartzeko eta kanpotarrei bisitan etortzeko deialdi ozena egin du.
Asier VELEZ DE MENDIZABAL
Egunotan giro aparta da Arbizuko kale bazterretan. Asteartean San Joan jaiak hasi zirenetik, adin guztietako jendearentzako ekitaldi andana dago herrian. Jesus Mari Mendinueta herriko alkatea festetarako prestatutako egitarauarekin harro ageri da. Aurten, Sakanako beste herrietan jaietan ez daudenez, asteburuan Arbizura jende asko hurbiltzea espero du Mendinuetak.
Asteartean jaurti zen jaiei hasiera eman zien suziria. Zer-nolako giroa izaten da Arbizuko jaietan?
Oso ona, dudarik gabe. Jendeak poz handiz hartzen ditu sanjoanak eta bizilagunek eta bisitariek primeran pasatzen dute. Oso data aproposak dira gainera. Haurrek eta nerabeek eskolak amaitu dituzte eta festarako gogotsu dira. Gainera aurten ondoko herriak jaietan ez daudenez, gurera jende anitz hurbiltzea espero dugu.
Aurten Arbizuko festek Sakanako beste herrietako jaiekin bat egingo ez dutela nabarmendu duzu. Hartara, asteburuan bisitari gehiago izan litezke zuen herria bisitatzen
Bai. Aurreko urteetan asteburuan Arbizuko jaiek Uharte-Arakilgoekin bat egin zuten eta, hori dela eta, azken urteotan bisitari kopurua zertxobait jaitsi da. Oraingoan, berriz, Uharte-Arakilgo festak ostiralean bukatuko dira eta, horrenbestez, igandean eta larunbatean jende gehiago etortzea espero dugu. Aste barruan herrikoak egongo gara eta asteburuan bisitari gehiago izango ditugu ziur asko.
Jai egitarau oparoa prestatu duzue aurten. Bost egun hauetan ekitaldiak eta jokoak ordu oro izango dira herrian. Guztietatik, zuk zein ekitaldi nabarmenduko zenituzke besteen gainetik?
Zaila da ekitaldi zehatz bat nabarmentzea, zeren, azken batean, herritar bakoitzak bere lehentasunak ditu. Dena dela, bat hautatu beharko banu, idi-probak aukeratuko nituzke. Duela bost urte sartu genituen egitarauan lehen aldiz, eta arrakasta handia izan zuten. Ekainaren 25ean -gaur- izanen dira, arratsaldeko zazpietan.
Krisi egoera dela-eta, zailtasun ekonomikoak izan al dituzue egitaraua prestatzeko orduan?
Guk ez daukagu festetarako aurrekontu handirik, baina horren gainetik esfortzu eta ilusio handia jarri dugu herritarrentzat gustukoa izanen den egitarau oparo bat prestatzeko. Herri mugimenduarekin elkarlanean ibili gara, eta guztien proposamenak aintzat hartzen ahalegindu gara.
«Krisiaren gainetik, herritarrekin elkarlanean, esfortzu eta ilusio handiz prestatu ditugu jaiak. Guztion iritziak aintzat hartzen ahalegindu gara»