GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Lekukoak

 

Gaizkilearen lehen araua da gaizki egindakoaren arrastoa ezabatzea. Gure etxeko hormak urdinez zikindutako eguna gogorarazten dit: anaiak bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, hartarako eskuak erakutsiz. Amak eskua heldu zion: “Eta hau zer da?”. Anaiaren hatzetan urdina ageri zen, hormetako horixe bera. Anaiak eskuak begiratu zituen orduan, eta bere akatsaz jabetu zen. Lehen araua ahaztu zuen, bere umetasunean. Gizontzean ikasiko zuen, bai.

Auschwitzeko exterminio lekutik ihes egin zutenean, naziek bertan gordetako juduen argazkiak erre zituzten. Ez denak, baina, ikarak menpean hartu arte behintzat, ahal zutena egin zuten. Errusiarren hatsa garondoan sentitu orduko, saltaka aldendu ziren, betiko ezin deuseztatutako arrastoak utzita. Milaka ziren, baina ehun gutxiren erretratuak baino ez ziren gorde. Lastima: argazki horiek drama abstraktu bati zehaztasuna ematen zioten; izen bakoitzari, biografia bat. Drama azaltzeko osagai perfektuak ziren argazki haiek. Naziek, ordea, gaizkileen araua ezagutzen zuten, artistak ziren.

Hemen ere badaukagu arrastoak ezabatzeko premiaren adibiderik. Herritarrak bahitu eta deserriratu ondoren, legeez haratagoko guneetan ixten dituzte. Askatasuna galdu izanaren penitentziari, gertukoak eta lagunak ikusteko zigorra eransten diete, horiek maitatzeko eta gozatzeko eskubidea. Abereak ere izutuko lirateke halako neurriekin. Baina ez daude bakarrik, eta, behintzat, gertatukoaren salaketa egiteko bidea geratzen zaigu, inork ez dezan ahaztu zein moldez torturatzen dituzten, zein tankerakoa den zinez horrenbeste goresten duten komuneko demokrazia hau. Geure herrietan ikusten dituzten seme-alaben argazkiek horixe islatzen dute, ez besterik. Espainiarrek, ordea, gaizkileen lehen araua ederki ezagutzen dute... Auschwitzekoen maisuak eurak izan ziren!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo