Pedro Horrillo, txirrindularitza bezain gogorra eta txalogarria den gizon baten istorioa
Italiako Giroan istripu larria izan eta bi hilabetera, Pedro Horrillo txirrindulari ermuarrak alta jaso zuen atzo. Askori, Horrillo abizena entzunda, italiar mendialdean 80 metroko amildegitik izan zuen erorketa etorriko zaie burura. Ez da gutxiagorako, eroriko benetan izugarria izan baitzen. Baina, bere larritasunean, ondorioak ez dira izan hasiera batean uste bezain tamalgarriak. Hasierako kolpea igarota -bai fisikoa bai, batez ere, psikologikoa-, ebakuntza ugariren ondoren eta aurretik errehabilitazio luzea duela, gogoz eta umoretsu agertu da Horrillo.
Txirrindularitzan egin duen ibilbideaz gain, kirol honi buruzko artikulugile gisa nabarmendu da Horrillo, «El País» egunkari madrildarrean argitaratu dituen zutabeetan. Alor honetan, bere idazkera ederra eta ideia argiak azpimarratu behar dira, kirola eta buru-argitasuna bat ez datozela dioten topiko guztiak hautsi dituelarik. Atzo egin zituen adierazpenetan aurrerantzean bizikletarekin gozatzen ahaleginduko dela esan zuen Horrillok, oraindik profesional gisa arituko den ez dakien arren. Txirrindularitzak kirolari on bat galdu badu ere, gaitzerdi, kirol kazetaritzak idazle aparta irabazi du-eta.