Irailetik aurrera
Gipuzkoako Ogasunak telefono zenbaki bat jarriko du iruzurrak salatzeko
Peio Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak atzo iragarri zuen bere departamentuak telefono zenbaki bat martxan jarriko duela heldu den irailean, haren bidez, hiritarrek ezagutzen dituzten zerga-iruzurren berri eman dezaten. Herritarrek salaketak egiteko telefono zenbakia izango da, eta deitzen dutenek anonimotasuna bermatuta izango dute. Neurri honekin, Ogasuneko arduradunek berek eskuratzen duten informazioa «osatu» nahi dute, eta zerga-iruzurren bat egiteko asmoa dutenek atzera egitea. EAJk, PSEk, Alkarbidek, Alternatibak eta Aralarrek txalotu zuten neurria.