Kolonien aferak zapuztu du Netanyahu eta Mitchellen bilera
GARA |
Zisjordaniako kolonizazio sionistaren gainean AEBek eta Israelek dituzten ikuspuntu desberdinak direla-eta, euren artean desadostasunak sortu dira berriz, gaur Parisen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren eta AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari berezi George Mitchellen artean egin beharreko elkarrizketa bertan behera uztera behartzeraino.
«Yediot Aharanot» egunkari israeldarraren arabera, Washington izan da bilera hori bertan behera uzteko erabakia hartu duena.
Atzo Erroman zen Netanyahuren taldeko kide batek, ordea, erabaki hori Israelgo lehen ministroak hartu zuela adierazi zuen. Horren arabera, Defentsa ministro Ehud Barak Washingtonen bilduko da Mitchellekin, honek Netanyahurekin hitz egin baino lehen.
Bilera bertan behera uzteko erabakia norena izan den alde batera utziz, argi dagoena da Tel Aviv eta Washingtonen arteko harremanak biziki mikaztu direla. Eta horren atzean dagoen arrazoia Zisjordaniako kolonizazio sionistaren afera da.
«Barack Obamak mezu argia bidali izan nahi die bai israeldarrei, bai estatubatuarrei, bilera hori bertan behera uztearekin», nabarmendu du Yossi Alpher ikertzaile israeldarrak.
«Hemendik aurrera AEBetako Administrazioak ez duela kolonizazioa begi onez ikusten erakutsi nahi izan du. Benjamin Netanyahuk ez du gai honetan men egin nahi izan, eta, ondorioz, dagoeneko ez dute begi onez ikusten Washingtonen», nabarmentzen du Alpherrek, Tel Aviveko Unibertsitateko Ikerketa Estrategikoetako Institutuko zuzendari ohiak.
«Presio politikoaren eredu argia da. AEBek Ehud Barakekin hitz egiteko prest izateak indar gehiago ematen dio, izan ere, horrela ez dute Israel boikotatzen, soilik lehen ministroa da nabarmentzen dutena», esan zuen ikertzaile honek.