Dozenaka hildako AEBek Pakistanen egin duten erasorik latzenean
GARA |
Piloturik gabeko hegazkin bidez AEBek aurten egin duten erasorik latzenak dozenaka hildako eragin du Pakistango Hego Waziristan eskualdean. Inguru honetan, Pakistango Armadak abian du talibanen buru Baitullah Mehsuden aurkako operazioa, Washingtonen laguntzarekin.
Geo TV telebistari iturri ofizial batek esan zionez, 65 hildako izan dira eraso honetan. Beste telebista batzuek, ordea, 80 hildako baino gehiago izan zirela adierazi zuten, baina ez zuten iturririk aipatu.
Halere, Pakistango Armadako eledun Athar Abbasek Efe agentziari esan zionez, «soilik» 35 pertsona hil ziren asteartean AEBek jaurtikitako misilengatik, Ladha inguruan talibanen buru baten hiletan zeudela. Taliban hori aurretik izandako gisa bereko airezko eraso batean hil zen.
«AEBek beren kabuz egin duten ekintza da. Ez da gure estrategia militarrean kokatzen», nabarmendu zuen Abbasek. Halere, Efe agentziak aipatutako ikertzaile eta Mendebaldeko inteligentziako iturrien arabera, Mehsud garaitzeko helburua Islamabad eta Washingtonek biek bere egin dutenetik, beraien arteko elkarlana asko hobetu da.
Orain arte, Pakistanek ez du inoiz AEBen erasoek zenbat hildako eragin dituzten aipatu, bertakoek gaizki ikusten dituztelako eraso horiek.
Halere, AEBen erasoek Pakistaneko agintarien oniritzia izan ez ezik, burutu ere Islamabadeko informazioari esker burutzen dira.
Talibanak helburu
Erasoaren jomuga Khwaz Aliren hiletan bildu zen jende multzoa zen. Mehsuden gertuko talibanen burua zen Ali, «The News» egunkariaren arabera. «Jendea etxerako bueltan zihoala bota zituzten misilak. Hildakoen artean matxino asko dago, baina ez dakigu horien artean helburu garrantzitsurik dagoen», esan zuen Abbasek, bertan zeudenak Mehsuden taldekoak zirela nabarmenduz.