BAT FORMULA FIA eta eskuderien arteko tirabirak
Munduko txapelketa bakarra jokatuko da datorren urtean
2010ean ez da aurrekontu mugarik izango, baina bi urtean gastua murriztuko dutela onartu dute taldeek.
GARA | BILBO
Bat Formula zatitzeko zorian egon da aste hauetan, baina azkenean akordio batera iritsi dira Nazioarteko Automobilismo Federazioa -FIA- eta Bat Formulako Pilotuen elkartea -FOTA-. Hala, 2010. urtean bi munduko txapelketa izateko arriskua alde batera geratu da. Bestetik, Epsilon Euskadi taldea datorren urteko Bat Fomulako mundu txapelketatik behin betiko at geratu da.
«Ez da inolako banaketarik egongo datorren urtean; gastuak murrizteko modua aurkitu dugu», adierazi zuen FIAko buru Max Mosleyk atzo Parisen, Bat Formulako taldeekin izandako ezohiko bileraren ostean.
Aipatu akordioaren arabera, datorren urtean ez da aurrekontu mugarik izango taldeentzat -FIAk 45 milioi eurotan ezarri nahi zuen topea, soldatak eta bidaietako gastuak aparte-, baina, era berean, bi urteren buruan gastuak murrizteko konpromisoa hartu ei dute eskuderiek. Horrez gain, hurrengo urtetik aurrera Bat Formulan lehiatuko diren hiru talde berriei -Campos Meta Team, Manor Grand Prix eta Team US F1, alegia- «laguntzeko» ardura ere hartu dute, puntako taldeekiko distantzia murriztu eta lehiakor izan daitezen, asistentzia teknikoa eskainiz hauei.
Aditzera eman zutenez, «gastuak 1990eko hamarkadaren hasierako neurrietara mugatzea espero dute eskuderiek». Esan gabe doa, behin akordio bat adostuta, 2010ean Bat Formularekiko paraleloan beste lehiaketa bat sortzeko ideia bertan behera uztea erabaki zuten taldek.
Max Mosleyren porrota
Parisen ospatu zen Kontseilu Mundiala uste baino lasaiagoa izan zen, nahiz eta aurreko asteetan FIA eta FOTAren arteko giroa oso beroa izan den.
Sekula ez bezala, Bat Formula bi puskatan hausteko arriskua izan da eta negoziazio prozesuan denek atzera egin behar izan badute ere, Max Mosley, 1993az geroztik Bat formulako buru dena, hain zuzen, izan da, galtzailerik izatekotan, galtzaile atera dena. Bat Formula ez zatitzekotan hartu behar izan duen erabakietan drastikoena bere burua boteretik kentzea izan da. Datorren urrian amaituko da bere agintaldia eta bere burua hautagai gisa ez aurkezteko konpromisoa hartu behar izan du Mosleyk.
Askoz gogorrago ekin zion negoziazio prozesuari Mosleyk. Mundu mailako ekonomia krisia dela-eta ohiko babesle eta marka askoren ezina kontuan hartuta -Honda etxearena, esate baterako- taldeen neurrigabeko diru xahutzea etetea zuen helburu nagusia. Hala, alde bien arteko ezin ikusiaren unerik gogorrenean, Mosleyk FOTAko taldeak -Bat Formulako talde indartsuenez osatua; hau da, Ferrari, McLaren, BMW Sauber, Renault, Toyota, Red Bull, Toro Rosso eta Brawn GP- auzitan sartzeko mehatxua egin zuen-eta, baldin eta hauek lehiaketa propioa sortzea erabakiko balute. Hala ere, FOTAren izenean Flavio Briatorek -Renault taldeko buruak- hitz egin zuen eta soka are gehiago estutu zuen txapelketa paraleloa «saihestezina» zela esanez.
Alabaina, Mosley bakarrik zegoela ikusi ei zuen atzoko bileran. Bilerako iturriek diotenez, Bernie Ecclestonek, Bat Formula kontrolatzen duen pertsonaiak alegia, bizkarra eman ziola ikusi ei zuen FIAko buruak, eta, bada, FOTAren eskakizunen aurrean men egiten hasi omen zen.
Babesa eta bultzada
«Polemikak ez dira onak Bat Formularentzat. Babesaz gain, bultzada berri bat behar du kirol honek», esan zuen Luca di Montezemolo, Ferrari taldeko buruak, Parisko bileraren ostean.
Ordainetan, Bat Formula beste talde batzuei «zabaltzea» -Epsilon Euskadi kanpoan geratu bada ere- lortu du Mosleyk. Bide batez, taldeak 2012ra arte Bat Formula barruko hitzarmenak onartzeko prest azaldu ziren.
Zatiketarik ez izateko, taldeek ez dute aurrekontuetan mugarik izango datorren urtean -FIAk 45 milioi eurotan ezarri nahi zuen-, baina, era berean, bi urteren buruan gastuak murriztuko dituztela hitzeman dute eskuderiek.
Ferrariko buru Luca di Montezemolo gustura zen Pariseko atzoko bileraren ostean. «Polemika hauek ez dira batere onak Bat Formularentzat. Babesaz gain, bultzada berri bat behar du kirol honek», esan zuen.