GARA > Idatzia > > Kultura

«Izarren argia» eta «Zigortzaileak», euskarazko zinemaren apustu berriak

Euskarazko zinema hauspotzearekin batera, bi egitasmo berrik laster gorpuztuko dituzte beren asmoak; «Izarren argia» batetik, eta «Zigortzaileak», bestetik. Lehenengoak, Mikel Ruedak zuzenduta, 36ko Gerra du hizpide, zehazki, Saturrarango emakumezkoen kartzelan jazotakoak biltzen ditu emakumeen optika baliatuta. Bigarrenak, Arantza Ibarra eta Alfonso Arandiaren gidaritzapean, haurren arteko bullyng kasuak eramango ditu pantailara.

p047_f01_199x108.jpg

A. KAMIO-A. BILBAO | AZPEITIA-BILBO

36ko Gerrak Euskal Herrian sortu kalteak zinemaranzko bidea hartuko du berriro «Izarren argia» filmaren burutzearekin. Indar eskuindarrek eragindako sarraskiak aski ezagunak badira ere, Mikel Rueda zuzendari gazteak ikuspegi desberdina lortu nahi du bere lehenengo film luzearekin. Zehazki, Saturrarango bainuetxe zena -Azpeitiko Esklabetako mojen komentu izandakoan kokatu dutena- emakumeen espetxe bihurtu zuteneko garaiak eraman ditu pantailaren aurrera eta «optika guztiz femeninoa» erantsi dio euskara hutsean grabatzen ari diren lanari. Beharrerako aktore zerrenda mardula bildu du: Barbara Goenaga protagonista hartuta, Clara Badiola, Teresa Calo, Itziar Ituño, Sara Cozar, Estibaliz Gabilondo, Amaia Lizarralde, Aitor Beltran, Itziar Lazkano, Amagoia Lauzirika eta Itziar Insaustik Saturrarango kartzela hartan ehunka emakumek bizi izan zuten infernura bidaiatu dute.

Itxaropena

Saturrarango bainuetxea, emakumezkoen lehenengo espetxea izan zen. Mesedetako Amaren Ordenako mojen zaintzapeko kartzela hura, Najera Vallejo komandante frankistaren ideologiaren gidaritzapean izan zuten urte luzez. Komandante horren ustez, komunismoa errotik desagerrarazteko era bakarra emakume ezkertiarrei seme-alabak kendu eta hauek erregimenarekin bat zetozen familietan txertatzea zen. Beren seme-alabengandik banandu zituzten 57 emakume, eta beraien bizipenak dira filmaren mamia.

Victoria (Barbara Goenaga) protagonista nagusia den arren, «istorio korala» dela iritzi dio Ruedak. «Victoriaren bizitza istorioaren gidaria da, baina, finean, kontakizun orokorra da», esan zuen. «Itxaropenari buruz hitz egiten duen lana da, emakumearen ikuspegitik fokatutakoa. Egoera ilun batean, itxaropena aurrera jarraitzeko aukera bakarra deneko bizipen sorta biltzen da, esperantzarik gabe ez baitago bizitzerik».

Goenagaren hitzetan, «Victoriak garai bateko emakumea irudikatzen du. Espetxera iristen da, zergatik kartzelatu duten ez dakiela. Bera irakaslea da, eta senarra errepublikanoa zen eta hil egin zuten. Sei urte igarotzen ditu espetxean, semea kentzen diote eta bere helburua semea berriz ikusi arte zain egotea da. Egoera horretan gero eta emakume gogorragoa bilakatzen da, nahiz eta hasiera batean pertsona batek jasan ezingo zituen egoerak bizitzen dituen, guztia bere semea berriro ikustearren».

Eduardo Barinaga Baleukoko ekoizleak azaldu zuenez, «emakumeen askatasun oihua da» filmak erakusten duena. Protagonistak espetxe hartan sartu zituzten, askok ez zekiten zergatik eraman zituzten hara, beren seme-alabengandik banandu zituzten, eta hori gutxi balitz, «burdel inprobisatu» bat bilakatu zen. Beraren hitzetan, lan hau «errebeldea, kritikoa eta aldarrikatzailea» da, «espetxe hartatik igaro ziren pertsonen lekukotzekin amaitzen delako, historiako kapitulu hartan gertatutakoa salatu nahi delako eta emakumearen papera aldarrikatzen duelako subjektu aktibo bezala».

«Pantera zuria»

Saturrarangoa emakumezkoen espetxea zenez, Francoren Armadak ez zuen kartzela barrutik kontrolatzen, beraz, Mesedetako Amaren Ordenako mojak arduratzen ziren kudeaketa lan guztiaz, beraiek ziren presozainak. Bertako zuzendaria (Itziar Lazkanok antzeztua) «Pantera Zuria» ezizenarekin zen ezaguna, kanpotik zuriz jantzita joaten bazen ere, arima guztiz beltza zuela esaten zelako. Lazkanok «izugarri atsegin» du bere papera, «istorioko maltzurrena» delako. «Nire pertsonaiaren lana Najera Vallejo komandantearen aginduak betearaztea da, eta ados ala kontra egon daiteke, baina ezingo ditu bere sentipenak azaleratu, izan ditzakeen zalantzak agerian utzi», esan zuen.

Ruedak filmaketa hasi aurretik aurkitu zuen arazoetako bat erlijioarena izan zen. «Ez dut erlijioarekiko kritika bat egin nahi, baina garai hartako Elizaren ordenamendua nolakoa zen erakutsi nahi dut, abaniko osoa agerian utzita, benetan gaizki portatu ziren mojetatik hasita, presoak ahalik eta ondoen tratatzen zituztenetaraino. Saturraranen bertan, moja askok habitua utzi zuten espetxean gertatu zenarekin ados ez zeudelako», gehitu zuen.

36ko Gerraren inguruan egiten diren filmetan fusilamenduak ohikoak diren arren, kasu honetan ez da horrela izango. Hala ere, emakume haietako batzuk heriotzara eramango dituzten muturreko egoerak agerian geratuko dira. «Zigor jakin batek heriotzara eraman zaitzake. Ez zegoen fusilamendu zuzenik, baina egoera batzuk sorrarazten ziren, adibidez, askori janaria kendu eta gosez hiltzen uzten zituzten». «Historiak dioenaren arabera -jarraitu zuen-, Mutrikuko eta Ondarroako bizilagunek janaria ematen zieten presoei, baina mojek hartzen zituzten elikagai haiek ondoren merkatu beltzean saldu eta dirua lortzeko, emakumeak eta haurrak hiltzen ziren bitartean».

«Izarren argia»ren filmaketa, 2,2 milioi euroko aurrekontuarekin, sei astez iraungo du, eta Azpeitia, Hondarribia eta Artikutza artean burutuko da errodajea. Zuzendariaren asmoa 2010eko Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta aretoetan eskaintzea izango da.

«Zigortzaileak» grabatzen hasteko ilusioz gainezka dira Euskal Herriko bazter ezberdinetatik bildutako gaztetxoak

Iragan apiriletik ekainera, mila eta berrehun gaztetxotik gora izan dira Euskal Herri osoan zehar «Zigortzaileak» filmean parte hartzeko burutu diren kastingetara aurkeztutakoak. Behin aukeraketak burututa -eta ikasturtea finitu ostean-, zazpi gaztetxo dira datorren astelehenean, ekainaren 29an, filma grabatzen hasiko direnak, Portugaleten.

Arantza Ibarrak idatzitako gidoia du oinarri «Zigortzaileak» pelikulak. Ondarroarrak, batez ere publizitate arloan lan egin duen arren, argitaratuak zeuzkan gaztetxoentzako ipuin eta marrazkiak -«Saiku detektibea, gozoki-lapurren bila» adibidez-, eta «Zigortzaileak» filma idatzi ez ezik, zuzendu ere egingo du, Alfonso Arandiarekin elkarlanean. «Hamar bat urte daramatzat gidoiak idazten, batez ere gaztetxoentzat», azaldu du Ibarrak. «Fantasia eta magia dut gustuko eta ematen du nagusitzean ahaztu egiten ditugula kontu hauek, umeen gauzak balira bezala. Nik ez dut umeentzat idazten, niri gustatzen zaizkidalako baino, ume handi bat naiz, kontua egizu». Aurki gauzatuko duten gidoia orain dela hiru urte inguru hasi zen idazten, eta behin ekoizleari gustatu zitzaionean, «berridatzi eta berridatzi aritu naiz», lana pedagogo, psikologo eta beste askoren eskutik pasa baita. Azken finean, «gaiaren arabera gauza asko hartu behar dira kontuan», eta hori izan da lanik zailena, «gidoia behin eta berriro egokitzea».

Grabaketei datorren astelehenean ekingo diete. Gaztetxoekin ari direnez, «badakigu beraien gainean egon beharko dugula, asper ez daitezen -erraz gogaitzen baitira-. Esan eta esan gabiltza lanean ari garela eta eszenak askotan errepikatu beharko ditugula». Gaztetxoekin lanean kontuz ibili beharra dago, -egia esan eta dena destribatzen dute-, baina aldi berean «sekulako freskotasun eta naturaltasuna dute». Gainera, Ibarra beraiekin egotera ohituta dago: «Ikastoletan ibili izan naiz, ipuinak idatzi eta marrazkiak egin».

Pelikulak ikaskideen arteko tratu txarrak edo bullying kontuak jorratzen ditu. Honela kontatu digu, gutxi gorabehera, lanaren egileak: «Lagun gaizto batzuk, asper asper eginda daudenak, ikaskideak jotzen eta txantxak egiten ari dira beti. Eta Leire ikaskideari esker, neska-mutiko talde bat batu eta Zigortzaileak elkartea eratuko du, zirikatzaileei aurre egin eta hauek zigortzeko, superheroien gisara eta modu dibertigarrian».

Bi neska eta bost mutil

Antzezleak hautatzeko orduan, zalaparta ugari izan da, milaka hautagai agertu baitira, baina «gure ustean onenak hartu ditugu, benetan primerako antzezleak». Izan ere, «badirudi Ibarrak beraiengan pentsatu zuela, gidoia idaztean», esan digute pelikularen arduradunek, pozik.

Hautatutako zazpien artean, bost mutil eta bi neska dira, guztiak bizkaitarrak Andoni Delarigne baxenabartarra izan ezik. Bastidarra da guztien artean esperientzia gehien daukana, hiru telefilmetan parte hartu baitu, eta gainera, bere batueraz grabatuko den pelikulan bere hizkera edo euskalkia erabiltzeko aukera izango duen bakarra, berezitasun moduan.

Zigortzaile taldea eratu, eta filmaren narratzailea izango den Leireren papera berriz, Gautegiz-Arteagako Amaia Aberasturik beteko du. Atzo urduri zegoen neskatila, oraindik azterketa bat egin beharra zuen-eta. Izan ere, dagoeneko eskolak bukatu badituzte ere, badaramate aste parea entseguak egiten, eta gizajoei «dena etorri zaie batera». Estibaliz Sarasola bilbotarra da «Zigortzaileak» filmeko beste neska, eta bere esanetan «lan handia eta nekagarria» izan da gidoia ikastea, «astean lautan» izan baita entseguetan. Pozik da halere, kamera atzean egoteko aukera izan duela-eta, Peio Madariaga, Martin Gandiaga eta Asier Vegas bezala -hautatu dituztela ezin sinetsita dabiltza-. Peio lezamarra da, eta adarra jo digu behin pelikula bukatuta neska lagunarekin zinemara joango dela esanda. «Handitan aktorea izan nahi dut nik, eta Hollywoodera joan» esan digu berak, irribarretsu.

Asier bilbotarra eta Martin markinarra «amak esanda joan ziren kastingera, proba egin eta lagunak egitera». Bilbotarraren ustez, «inprobisatzea da lanik zailena», baina pozik dago, papera bikain egiten duela esan baitio amak: «Gainera, gaiztoa naiz, bai filmean, bai errealitatean», esan digu bihurri aurpegiarekin. Gaiztoen artean dago «ilusio handia» duen Martinek ere. Gidoia «gustatzen zaidalako» ikasi omen du, eta «ondo ahoskatzea» omen du lanik zailena -«Martin, ipini arkatza ahoan», dio berak-. Politena, lagunartean lan egitea. Markinarrari amak esaten dio aktore ona dela, «anaiarekin jolasean plantak egiten ditudanean», eta ez zaio inporta aurten opor laburragoak izatea, «nahiago dut pelikula». Film laburretan esperientzia duen Nikola Zalduegi bilbotarrak osatzen du zazpikotea.

Zazpi hauez gain, beste ehun bat gaztetxok parte hartuko du pelikulan. Gurasoen paperetan berriz, aurpegi ezagunak ikusiko ditugu: Ane Igartiburu, Xabier Elorriaga, Ainhoa Jauregi, Carlos Sobera, Gurutze Beitia... baita Rafael Amargo ere, euskaraz gainera. «Komedia tonua erabiliko dugu gurasoekin, umeak gurasoak modu ezberdinean ikusten dituztelako».

Dena ondo joanez gero, Gabon buelta edo datorren urtarrilerako pantailetan beharko luke Portugalete inguruan grabatuko duten «Zigortzaileak» gaztetxoen filmek. Anartz BILBAO

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo