GARA > Idatzia > > Kultura

Heriotza | Yuri Zytar

Volga ondoan jaio zen euskaltzalea

GARA

Yuri Vladimirovich Zytsar Kuybishev-en, Volga ibaiaren ondoan, jaio zen. Gaztea zela hizkuntzalaritzan aritu zen; frantsesa, alemana eta ingelesa ikasi zituen. Ezkondu eta gero sobietar gobernuak Vietnam-era bidali zuen, frantses hizkuntza irakasteko. Vietnamgo Akademiak ohorezko kide gisa onartu zuen. Bere jaioterrian institutuko zuzendaria izan zen, hainbat urtetan. Siberiako leinuek erabiltzen zituzten zenbaki-sistemak aztertzen aritu zen.

Gero euskararen berri izan zuen, eta ikasteari ekin zion. Hain zuzen ere, euskarari buruz egin zuen tesia 1955ean, Leningradon. Euskararekiko bere interesa ikusita, Tbilisira bidali zuten, euskararen ikasketak sendotzeko eta berpizteko. Garai hartan Georgiako Errepublika Sobietarreko Hizkuntza Akademiak bazuen euskarari emandako atala. Arestiren «Nire aitaren etxea» garai hartan itzuli zuen errusierara eta bere ikasleek Kaukasoko hainbat hizkuntzatara itzuli zuten poema bera. Koldo Mitxelenarekin gutun bidezko harreman luze eta emankorra izan zuen.

1990ean, Georgian gerra zela eta, San Petersburgora alde egin zuen. Bertako Tekhnichiski Universitet-en irakasle izan zen, besteak beste, euskara irakatsi eta ikasleak euskararen harira bideratzen zituen, doktore-tesia alor honetan egin zezaten. Erretiroa hartu arte (1995ean) jarraitu zuen postu honetan. Ukrainako Akademiak ere ohorezko kide izendatu zuen. Ehunka proiektu geratu zaizkio amaitu gabe.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo