GARA > Idatzia > > Kultura

Mendebalak folk haizeak hedatuko ditu Sopuertan

Aurten uztailaren lehen asteburua hartuko du Mendebala jaialdiak, urtero legez Sopuertan. Ostiralean, uztailak 3, Korrontzi, Cristina Pato, eta Aira Da Pedrak joko dute eta larunbatean berriz, uztailak 4, Aura Kuby, Llan De Cubel, Adarrots eta Skama La Rede taldeek.
p049_f01_148x76.jpg

A. BILBAO | BILBO

Bizkaiko sokorik ezezagun eta ederrenetarikoan ospatu ohi da Mendebala folk jaialdia, Sopuertan. Eta aurten ere, urteroko hitzorduari erantzunez, bertako zelai gozoek jasoko dute folk festa uztailaren 3 eta 4an.

Ostiralean, Korrontzi, Cristina Pato eta Aira da Pedra taldeek joko dute bertan. Azken hau 1997an Ponferradan sortutako talde bierzoarra dugu, formazio aldaketa franko jasan ostean indarberriturik ageri dena. Musika tradizionala ardatz, Bierzo inguruko folklorea du oinarri. Ezagunagoa da Cristina Pato gaita eta piano-jotzaile galiziarra, baita hain bereizgarria duen ile berdea ere. Ourensearrak mundua zeharkatu du gaita lagun galiziar kultura ardatz hartuta, egun New York hirian bizi bada ere. Korrontzi dugu ostiraleko euskal ordezkaria. Agus Barandiaran eta Mikel Romerok gidatu taldeak «Getxo» du azken lana, zuzenean grabatua, eta bira ikaragarri batean murgilduak dira egun.

Larunbatean lau taldek parte hartuko dute, eta Adarrotsek beteko du euskal ordezkaritza. Ezkerraldeko taldea orain gutxi sortua da eta Mendebala Diskak maketa lehiaketan lortu zuen jaialdian jotzeko saria.

Beraiekin batera, kantabriar doinuak jotzen dituen Aura Kuby taldea izango da, bossa nova, gipsy-blues edo habanerak ere emango dituena. Baita bi talde asturiar ere, Llan de Cubel eta Skama la Rede. Lehena 1984an sortutakoa dugu, eta asturiar musika eta hizkuntzaren aldeko lan mardula egin dute. Berriagoa da Skama la Rede, orain bost urte inguru sortu eta rock, ska, punk eta folk doinuak uztartzen dituen taldea.

Kanpatzeko aukera

Musikaz gainera, artisautza azoka ere izango da asteburu osoan zehar Sopuertan, iluntzeko 20.00etatik aurrera. Jaialdia guztiz doakoa da, eta kanpatzeko tokia ere eskaintzen du, kanpotik asteburu pasa bertaratzen direnentzat.

ARTISAUTZA AZOKA

Sopuertako zelaietan guztiz doan ospatzen den jaialdiak, gauean folk doinuak entzuteko parada ez ezik, kanpatzeko aukera eta artisautza azoka ere eskaintzen ditu, iluntzeko zortzietatik aurrera.

ZAZPI TALDE

Bertan joko duten zazpi taldeen artean, bi euskaldun, Korrontzi eta Adarrots; bi asturiar, Skama la Rede eta Llan de Cubel; Aura Kuby kantabriarra eta bi galiziar izango dira: Cristina Pato eta Aira da Pedra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo