GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Ez dute lotsarik

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Ez dute lotsarik, ez publizistek, ez saltzaileek, ez auto eraikitzaileek, ez komunikabide masiboek, ez dute inongo lotsarik. Edozerk balio du saltzeko, limurtzeko, zerbait nahitaezkoa dela konbentzitzeko, eta zer hobe musika fresko, erakargarri eta originala baino, zerbait salgarri, beharrezko bihurtzeko? Erabat baztertu, alde batera utzi, legendunaren pare tratatu zaituen sistemak gaseosak, arropa, dietako janariak, energia nuklearra edota sekula huts egiten ez duten eskopetak saltzeko erabiliko du zure musika. Horretarako, aski da deskuiduan, publizista iluminatu bati kaskoa piztu eta ideia bikainak izateko ordaintzen dion ugazaba guztiahaldunari ideia saltzea.

Horrela gertatzen da telebista jarri eta arabiar ukituko musika duela Israelgo turismo ministerioak mendebaldeko telebista indartsuenetan jarritako iragarkiak. Horregatik gertatzen da ekologista erradikal baten musika dela munduko enpresa kimiko kutsatzaileenaren iragarkiaren soinu banda organikoa. Horrela uler daiteke rockero malapartatu, ziniko eta transgresore batzuen musika erabiltzea hauteskunde garbi eta demokratikoenetan parte hartzera bultzatzeko kanpaina beldurgarrian. Ez baitute lotsarik... eta noski dirua edozein kontzientzia garbitzeko detergenterik onena delako.

Hau idazten hasi naizenean ez nuen, mundua aldian aldiko ideologia ofizialaren modukoa, tamainakoa, itxurakoa dela inori deskubritzeko asmorik. Gauza jakina da. Ez nuen, musika, gehienetan, eduki askoz ere materialagoen koartada baino ez dela salatzeko asmorik. Hori ere gauza jakina da. Ez nuen naizena baino inozoagoaren planta egiteko asmorik. Ezta pentsatu ere. Ez nuen nire teleadikto izaera publikoan aitortzeko asmorik. Baina gaur anaia nagusiaren begia zabaldu eta zer ikusi... hobe zer entzun dudan? Bada, Woody Guthrie mende honetako kantari ezkertiarrenetako baten «Car Song» ederra.

Woody Guthrie telebista espainolean? Sinestezina! Noski, ez zen autoen gehiegizko erabileraren aurkako kanpaina bat, lau gurpiletako pizti orojale horien baztertzeko deiadarra. Ezta pentsatu ere, askoz ere argigarriagoa izan da kontua. Munduan luxuzko auto gehien saltzen dituen auto etxe alemaniarretako batek munduko kantaririk ezkertiarrenetako baten kantu ezkertiarra erabili du bere luxuzko autoak saltzeko. Iragarki fresko eta dibertigarria egiteko...

Badaezpada ere zerrenda bat idatzi eta publiko egin beharko dut nire kantuak ez ditzaten neu ados ez nagoen kontutan erabili, bestela, deskuiduan, hurrengoan Morau entzungo da Arkautekoen hurrengo errekrutatze kanpainako iragarki nagusian... (ez da broma).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo