Lakuak dirua emango die sustatzaileei, saldu gabeko etxebizitzak alokatu ditzaten
Euskal Herrian milaka etxebizitza huts daude, inork erabili gabe daudenak, eta eragile askok aldarrikatzen dute alokairurako erabil daitezela. Lakuak, aldiz, nahiago du higiezinen sustatzaileei dirua ematea.
GARA |
Lakuako Gobernuak erabaki du, krisiari aurre egiteko neurri bezala, higiezinen sustatzaile pribatuei dirua ematea saldu ez dituzten etxebizitzak alokatu ditzaten. Etxe horietan hipotekari aurre egin ezin izan dietelako etxerik gabe geratu direnak biziko lirateke, egitasmo honen arabera. Gasteizko Parlamentuko osoko bilkuran iragarri zuen Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak bere asmoa, eta azaldu zuen 27.000 euro emango dizkietela sustatzaileei, etxebizitza bakoitzeko, bost urtez erabiltzen uzteagatik.
Beren etxea galdu dutenen aldeko egitasmo gisa aurkeztu zuen Arriolak, baina dena den, krisiaren eraginez etxebizitzen salmenta asko gutxitu den garai honetan neurri honek sustatzaileei mesede egingo diela argi dago. Izan ere, merkatuan «kokatu» ezin ditzaketen pisuei errentagarritasun ekonomikoa aterako diete.
Ildo horretan, Euskal Herri osoan, eta zehazki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan milaka eta milaka etxebizitza huts dago, eta nahiz eta hainbat eragilek aldarrikatzen duen alokairurako erabil daitezela, instituzioek ez dute bide horretan inolako neurririk hartu.
Biziguneko etxebizitzak
Aipatutako neurriarekin batera, Lakuako sailburuak iragarri zuen krisiaren eraginez lanpostua galtzen dutenek eta hipoteka ordaintzerik ez dutenek -eta horren ondorioz beren etxea galdu dutenek-, Bizigune deitutako programako alokairuzko etxebizitzak eskuratu ahal izango dituztela.