Lakuak hizkuntza politika «adostu» nahi duela dio, eta A ereduan irakasgaiak euskaraz emango direla
GARA |
Euskararen gainean aritu ziren atzo Lakuako Kultura sailburu Blanca Urgell eta Hezkuntza sailburu Isabel Celaa. Lehenbizikoak, hizkuntza politikaren «gatazka» amaitzearren «guztien adostasuna» bildu nahi duela nabarmendu zuen, eta euskara «lehentasunez» landuko duela gaineratu. Celaak, aldiz, A eredua mantentzearekin batera, bertan erreforma bat egingo dutela aurreratu zuen: hainbat irakasgai euskaraz emango direla adierazi zuen.
Ez du zehaztu zenbat irakasgai eta zein izango diren A ereduan euskaraz irakatsiko direnak, baina aitortu du halabeharrez euskara eredu horretan indartu beharra dagoela. Izan ere, A ereduan aritzen diren ikasleen euskararen ezagutza «ahula» dela aitortu zuen atzo, eta horregatik aldaketa bat bultzatuko duela nabarmendu zuen; hain zuzen ere, euskaraz irakasgai bakarra izan beharrean, hainbat izango direla eman zuen aditzera.
Blanca Urgellek, aldiz, hizkuntza politikaren «gatazka» amaitzea xede izango duela esan zuen, eta horretarako, bere iritziz, lehenik eta behin, gizarteari argi azaldu behar zaio euskara zergatik bultzatu behar den gehiago.
Azpeitiko euskara Plana
Hala, arrazoizkoa iruditu zitzaion, esaterako, euskaldun gehiago bizi diren herrietan zerbitzuak euskaraz izatea bermatu beharra egotea.
Egoera hori bizi dute Azpeitian, herritarren %95 euskalduna izanik. Hala, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik agerraldia egin zuen Auzitegi Goren espainolak bertan behera utzi duen Euskara Normalizatzeko Plana dela-eta. Eizmendiren iritziz, Gorenak «gaizki ulertu» du Plana, gaztelania baztertu beharrean, «bi hizkuntzak erabiltzeko aukera berdina izatea baitu helburu».