GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Roy Haynes perkusionista estatubatuarrak jasoko du Donostia Jazzaldia saria

Roy Haynes jazzaren munduko bateria-jotzailerik garrantzitsuenetakoa da, eta 83 urterekin oraindik lanean jarraitzen duen musikariaren ibilbidea goratzeko, Donostia Jazzaldia saria jasoko du.

p047_f01_148x88.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Heineken Jazzaldiaren edizio berri bati ekiteko hilabete baino gutxiago geratzen denean, antolatzaileek orain aste batzuk aurkeztu zuten kartela berretsi zuten atzokoan. Horrela, Donostiako agertoki desberdinetan jazza zabaltzeko egongo dira, besteak beste, Joao Gilberto, Jamie Cullum, James Taylor, Hank Jones, Brad Mehldau, Animal Collective, Abdullah Ibrahim, Dave Douglas, Carla Bley, Joe Lovano, The Bad Pluz, Esperanza Spalding eta Roy Haynes.

Roy Haynes bera izango da aurtengoan Donostia Jazzaldia saria jasoko duen musikaria, jazzaren munduan egin duen ibilbidea goratzeko baliagarri izango dena. Haynes, musika estilo horretan diharduen bateria-jotzailerik garrantzitsuenetakoa da, eta, 83 urterekin, oraindik historia egiten jarraitzen du «arintasun psikologiko desiragarri batekin». Donostia bisitatu zuen azkeneko aldia 1983. urtean izan zen, eta aurtengo edizioan berriro itzuliko da, zehazki, uztailaren 24an, Trinitate Plazan eskainiko duen zuzeneko kontzertua emateko.

Agertoki ugari

Aurreko urteetatik hona ohitura bilakatu legez, edizio honetan ere Heineken Jazzaldiak bere programazioa agertoki desberdinetara zabalduko du. Urte batzuetako geldialdiaren ostean, uztailaren 22an hasiko den aurtengo edizioan Trinitate Plaza zuzeneko kontzertu garrantzitsuen lekuko bilakatuko da berriz ere. Besteak beste, bertan egongo dira Pintingo (uztailak 25), Melissa Laveaux eta Jamie Cullum (uztailak 26).

Egun berean, eguerdiko 13.00etan, Jazzaldia Chillida-Leku museora joango da, eta bertako zelaietan errezitaldia eskainiko du Arild Andersen kontrabaxu norvegiarrak.

Iaz Jacques Remusen makina soinudunak hasi zuen jaialdiaren eta Zientziaren Kutxagunearen arteko lankidetzak aurten jarraipena izango du Jose Luis Gutierrezek uztailaren 26an 18.30ean eskainiko duen doako kontzertu didaktikoaren bitartez. Valladolideko saxofoi-jotzailea, Estatuko jazz musikari nabarmenetakoa da eta hirukote eta laukoteetako lider izateaz gain, haurrak musikaren munduan abiatzeko kontzertu didaktikoetan aditua da.

Jazzaldia Iruneraino helduko da New Jazz Voices-en ekitaldiarekin. Taldea zazpi musikarik osatzen dute eta Mikel Gaztelurrutia du buru.

Azkenik, aurten ere Open Mike itzuliko da, proposamen orori irekitako mikrofonoa, uztailaren 25ean, Zurriolan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo