GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Txupinazo hirukoitzak abiarazi ditu Zarautzen sanpelaioak

Iritsi dira sanpelaioak eta alaitasunez bete dituzte Zarauzko kaleak. Iñurritzako gazteen Oilasko biltzeko dantza alaia; kalejira koloretsuak kankailu eta buruhandiekin; haur eta helduen danborrada jendetsuak... Ohiko gozagarriez gain, berrikuntzarik ere bada, besteak beste, hiru txupinazo izan dira: Foruen plazan, Iñurritzan, eta lehen aldiz, txosna gunean.

p016_f02_111x111.jpg

GARA

Iraileko Euskal Jaiekin batera, sanpelaioak dira zarauztarren festarik handienak. Atzo eman zioten hasiera lau eguneko parranda etengabeari, ederki eman ere, hiru txupinazorekin. Egitarauan iragarritako berrikuntzetako bat helduen danborradako omenaldia zen. Harkaitz Mendi konpainiaren sortzaileari, Pedro Mari Silvani, San Pelaio makila emateko asmoa zuten gauean, urtetan egin duen lan guztiarengatik eskerrak emateko. Orain dela zortzi urte hasi ziren danborrada hau egiten eta antolatzaileen helburua urtetik urtera ekimena indartzea da. Horretarako, San Pelaio makilaren ikurra sortu dute, urtero zarauztar esanguratsu bati emateko.

Mutil-Ardoa, gazte-gazte

Herri gunetik harago ere zabaldu zen giro ona, besteak beste, Iñurritzan ez zen falta izan dantza, kanta, jan-edanik. Bertako jai batzordea, Mutil-Ardoa, indarberriturik dago, gazteen parte-hartzeari esker. Elkarte zaharra da, XIX. mendearen bukaeran ere bazegoen, baina, hala ere, kide gehienak gazteak dira. Gaur aurreskua dantzatuko dute eta bihar oilaskoak biltzeko ordua izango da. Gauean parrandan ibili arren, 6.00etarako aterako dira asko eta asko maindire azpitik eta baserriz baserri dantzan arituko dira, bazter guztiak umore onez zipriztintzen. Lehen oilaskoak biltzen zituzten; orain, dirua eta janaria.

Gauean bertso jaialdi mundiala izango dute zuhaitzez betetako zelai batean: Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Xabier Paya, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Urbieta arituko dira kantuan, Imanol Epelde gai-jartzaile dutela.

Gurekin Jai batzordea ere egunero gauza berriak egiten eta jai anitzagoa prestatzen saiatu da. Adibidez, gaur Gazte Egunean baltsa lasterketa egingo dute goizean hondartzan, gero paella lehiaketa eta arratsaldean jolasak; biharko amnistiaren aldeko herri bazkaria antolatu dute eta ondotik auzoen arteko lehiaketa egingo dute San Pelaion. Ainhize Muniozguren batzordeko kideak nabarmendu duenez, jaia hainbat lekutara zabal dadin ahalegindu dira.

Muniozgurenek gogora ekarri duenez, Udalarekin duten harremana ez da inoiz erraza izan, baina aurten bai ikusi dute gogorragoa izan dela, batez ere zinegotzi batek egin zizkien irainak direla-eta.

Herri eragileen atxikimendua

«Ez guri bakarrik, txosnetan ibiltzen den jende guztiari ere terroristak eta bortxatzaileak deitu zigun zinegotzi batek», kexatu da Gurekin Jai-ko eleduna. Ikusi dute Udalak pauso bat eman duela, aurrekontuak kentzean egin duen bezalaxe. «Orain azpiegiturak lortu ditugu -argindarra, oholtza, komunak eta ura- baina hasieran ez ziguten ezer eman behar», azaldu du.

Ez hori bakarrik: «Prentsaren bidez jakin genuen aurrekontu guztia kendu behar zigutela». Borrokaldi txikitxo bat egiten hasi ziren Udalaren jarrera salatzeko eta negoziatu zezala eskatzeko. Herri presioa eta hainbat mugimenduren eta pertsonaren atxikimendua lortzeko, testu bat idatzi zuten. «Batzorde eta eragileengana jo genuen eta oso erantzun ona eduki genuen, orokorrean salatu zuten beraiei ere murrizketak egin zizkietela eta sostengua eman ziguten gure egoera ikusita. Horretaz gain, mila herritar ingururen babesa lortu dugu dagoeneko», adierazi digu Muniozgurenek pozik. Beste urteetan itsasoaren ondoan jartzen zituzten txosnak, baina Udalak lekuz aldatu behar zituztela jakinarazi zien. Iturribide kalean, Dia supermerkatuaren ondoan daude, azkenean.

gogorragoa

Ainhize Muniozguren Gurekin Jaiko kideak agertu duenez, Udalarekin duten harremana ez da inoiz erraza izan, baina aurten gogorragoa izan da, batez ere zinegotzi batek egin zizkien irainengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo