Kronika | Irun eta Bera arteko errepidea berria
Txarrena pasata, bidea estreinatzeko irrikaz daude herritarrak
Eguerdiko hamabietan dago iragarrita N-121-A errepide berriaren Irun eta Bera arteko zatiaren irekiera. Bi urte luze iraun du berritze lanak eta tarte horretan herritarrek traba handiak jasan dituzte. Pazientziarekin, baina jada ilarez eta atzerapenez ahazteko gogoarekin agertu dira. Atzo jo eta su ari ziren langileak azken prestaketa lanak amaitzen.
Maider EIZMENDI
Apirilaren 27an hasi ziren lanak, 2007an. Bi urte eta bi hilabeteren ostean, bihar zabalduko dute ofizialki Irun eta Bera lotzen dituen N-121-A errepide berritua. Luze joan dira lanak, bai behintzat bi herrien arteko bidea autoarekin maiz egin behar izan dutenentzat.
Atzo oraindik ere langile franko zebilen errepide inguruetan azken lanak egiten. Oraindik ere, errepide berria erabat zabaldu gabe, gidariak zaharretik bideratzen zituzten, zenbait puntutan. Tarteka, gainera, bi noranzkoetan tarte nahikorik ez, eta autoak txandaka pasatu behar, noranzko batekoak lehenik bestekoak ondoren, eta tartean bost minutuko itxaronaldia. Bati, nerbioak ere dantzan jartzeko modukoa.
Hala ere, egoerak hobera egin du asko eta ondo dakite hori Irundik Berara edota Beratik Irunera maiz joan behar izan duten herritarrek. Lanak iraun duten bitartean leherketa ugari egin behar izan dituzte eta orduan ez bost, ez hamar minutu, orduetan ere itxia izan baitute errepidea.
Egunero ez, baina astean bitan edo joaten da Irina Villabuena beratarra Irunera. Pozarren zegoen atzo, «azkenean» errepidea zabalduko dutelako gaur, aspaldi honetan pazientzia handia behar izan baita. «Lanak hasi aurretik 15 bat minutu behar izaten genituen Irunera joateko», lanak iraun duten bitartean, berriz, ordu erdi gehienetan, eta hori baino gehiago ere bai askotan.
Pazientzia handiarekin
Horregatik, Berako herritar askok Ibardinetik barrena joateko hautua egin dute azken bolada honetan, baina Fernando Elgorriagak nabarmendu duen moduan, orain seguruenik errepide berrira itzuliko dira.
Taberna du berak herriaren erdian, eta lanak tarteko, bisitari edota bezero gutxiago ibili denik ez omen du nabaritu. «Pazientziaz hartu dute herritarrek, azken batean badakigu gero gure onerako izango dela-eta».
Idoia Etxepare lesakarrak ere hori nabarmendu du, «maiz eskatu dugu errepidea berritu beharra zegoela eta orain lanak jasan beste erremediorik ez dugu izan, badakigu onerako izanen dela», adierazi du. Etxeparek Beran egiten du lan eta hori dela-eta ez du oso sarritan Irunera bidean jarri beharrik, «baina mutila egunero joaten da», eta hark «kexa gehiago izan du».
Guztientzako nahiz inguruko herritako bizilagunentzat egun handia izango da gaurkoa. Baina herritarrentzat ez ezik, errepidean lan egiten duten garraiolari askorentzat ere ez da albiste txarra.
Egunean 10.000 ibilgailuk hartzen dute bide hau eta datuen arabera 3.400 bat kamioiak dira. Hala ere, oraindik ere berrikuntza lanak jasan beharko dituzte askok; izan ere, Irun eta Bera arteko bidea zabaldu bada ere, oraindik Bera eta Igantzi artekoan lanean ari dira. Atzo Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez, ez dago zehaztuta irekiera data, baina uda amaiera aldean izango dela aurreratu zuen.