Arrasateko jaietan krisirik ez baina krisiarekin jolasean
San Joan jaietan murgilduta dabiltza arrasatearrak. Atzo, besteak beste, Gazte Eguna ospatu zuten, eta herriko giroak osasun ona duen arren, egun hain modan dagoen «krisi» hitza ardatz hartuta hainbat ekimen burutu zituzten, tartean, betiko jokoak krisi testuingurura egokituz. Bihar iluntzera arte izango da oraindik zer eginik Arrasaten.
Amaia ZURUTUZA |
Diru hotsa baino krisi hotsa entzuten da azkenaldian askoren artean. Atzo, Arrasateko San Joan jaietan, kantu zaharrak «Txin txin, txin txin diruaren hotsa» dioen arren, jai batzordeak amaiera aldatuz «krisiaren hotsa» erabili zuen. Hala, jaiak hasi direnetik bezala, «Krisixa? San Juanetan berpiztu daigun herrixa» aldarrikatu zuten atzo ere.
Krisia hizpide hartuta, beraz, ekitaldi ezberdinak antolatu eta burutu zituzten goizean hasi eta iluntzeraino. Koloretako espraiak kale bazterrean ziren, 12.00ak aldera, txosna gunean graffiti herrikoiak osatzeko zain. Krisia gaitzat hartuta kolorez bete zituzten panel zuri ugari esku arinek, «Kapitalismoan itoko gara, eingotxau aurre» edo «Haiek sortzen dutena haiek konpontzeko» gisako leloak marraztuz. «Bentx» ezizeneko mutil gazteak espraiekin aritzeko abileziarik baduela bai erakutsi zuen egindako graffitiarekin.
Azeri jokoa
Eguraldia lagun, jada arratsaldean murgilduta berriro ere gazteak txosna gunean bildu ziren herri probetan ez, «krisi probetan» parte hartzeko nahiz parte-hartzaileen lana ikusteko. Nerea Arangoiti Jai Batzordeko kideak azaldu bezala, «ideia izan da urtero egiten diren olinpiada edo jokoek, aurten gai bezala krisia edukitzea». Hala, betiko jokoak moldatuta, «jabetza pribatua, diruak nola itsutzen gaituen, edo hilabete bukaerara heltzeko egin behar diren malabareak eta orekak» bezalako ideiak irudikatu zituzten jokoen bidez.
Etxebizitzaren arazoa islatzeko esaterako, azeri jokoa atera zuten plazara, eta parte-hartzaile bakoitzak buztantxo bat izanda taldeka elkarri buztana kentzen aritu ziren. Malabare eta oreka jokoan, zerbitzari baten moduan plater handi baten gainean urez betetako edalontziak jarrita alde batetik bestera ibili behar izan ziren, ura eror ez zedin adi. Azken jokoan, batzuek begiak itxita, besteek hankak lotuta, hamaika trabarekin, soka saltoan ibili ziren, «hilabete bukaerara karga guzti horiekin iritsi behar dela irudikatuz».
Gaztetxean berriz, banketxeen jardunaren inguruan diana handi bat prestatu zuten. Arratsaldean zehar tiragoma handi batekin diana erraldoiaren parean jarri, eta punteria ariketak egiten ibili ziren gazteak.
Eguna krisiarekin ezaugarritzearen beste adibide bat izan zen 18.00etatik 20.00etara antolatu zuten «krisiaren aurkako orduak» tartea, hau da, praktikan, ingelesezko «happy hour» ezagunaren antzekoa. Hala, bi ordutan zehar gaztetxean nahiz txosna gunean edaria merkeago hartzeko aukera izan zuten bertan ibili zirenek.
Jai giroa izan zen, beraz, atzo Arrasaten, eta hala jarraituko du bihar arte. Gaur, erraldoien eta kilikien konpartsaren kalejira, triki-poteoa, ikuskizun uga-ri, pintxo banaketa, antzerkia, irratiaren aurkezpena nahiz musika izango dira egun osoan zehar, baita Ekon eta Los Galerna taldeen kontzertua ere iluntze partean.
Biharko berriz, eta sanjoanei amaiera emateko, boulder herri txapelketa, aikido erakusketa, txikienentzat ipuin-kontalari eta jolasak, txaranga-poteoa, Muskaria taldearen kontzertua, nahiz Urrezko Dragoia sarien banaketak antolatu ditu Jai Batzordeak.