Finantza-espekulazioak ez du krisialdia nabaritzen etekinak emendatuta baino
Burtsa espainolean kotizatzen duten konpainiek errekor berria lortu dute. Maiatzera arte 19 milioitik gora ordaindu zizkieten beren akziodunei dibidendutan -joan den urteko lehen bost hilabeteetan baino %54 gehiago- . Ez da meritu makala, finantza eta ekonomia krisialdi betean. Horrelako «merituek», ordea, sumindura baino ezin diote eragin herritarrari; langabezia eta lan prekarietate ikaragarria jasaten dutenei bereziki, baina ez horiei bakarrik. Finantza-espekulazioak krisialdia eragin eta ekonomia produktibora zabaldu zuen; hala ere, atzo jakinarazitako emaitza horiek erakusten dutenez, espekulatzaileek krisialditik ere etekinak lortzen dituzte. Datu horiek jakinarazi zituzten aldi berean, Sarrrikoko campusean krisi ekonomikoaren alternatibei buruzko mintegia hasi zen, eta Juan Torres Ekonomia katedradunak ezin argiago azaldu zuen krisialdiaren jatorria, eta ohartarazi zuen egoera larri hori eragin zutenak berak ari direla «bidea seinalatzen», eta desberdintasun soziala, langabezia eta prekarietatea gero eta handiagoak direla. Horiek horrela, ez da harritzekoa gizarteari sabotajea egitera deitu izana. Are gutxiago burtsa konpainien datuen berri jakinda.