Propagandarako bai, tortura saihesteko ez
Usurbilen eta Astigarragan atxilotuetako bi gazteren etxearen miaketaren eta gazteen beren irudiak agertu ziren atzo telebistan. Ez da berehalakoan ulertzen zer interes duten irudi horiek herritar guztiek ikusteko moduan agertzeko, ez bada propagandistikoa. Hala ere, zenbait galdera iradokitzen dute. Miaketa egin bitartean atxilotuak grabatu zituzten bezala, zergatik ez dute gauza bera egiten polizia-etxeetan galdekatzen dituztenean? Telebistan agertzen diren tratu txarren irudiak zergatik izaten dira beti Kataluniako Mossos d'Esquadra direlakoek edo Ameriketako Estatu Batuetako poliziek egindakoak? Ondorioztatu behar al da Estatu espainoleko gainerako poliziek atxilotuen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen dituztela? Neurri horiek ezagunak dira, ordea: inkomunikazioa, grabaketarik eza eta beren medikuen arreta ezin jasotzea, asteartean atxilotutakoen medikuek jakinarazi zutenez, Garzonek torturaren aurkako protokoloa aplikatuko ziela iragarri bazuen ere.
Atxilotuen galdeketak grabatzeko ez dago arazo teknikorik, eta zalantzaren bat bazegoen ere, argi eta garbi utzi zuten atzoko irudiek. Baina atxilotuen segurtasuna bermatzeko neurriak ez daude inongo arazo teknikoren menpe, arazo politiko baten menpe baizik, behin eta berriz ukatu eta behin eta berriz berresten duten arazo politikoaren menpe, alegia.