GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako finala

Lau hautagai arituko dira txapela janzteko lanean

Gabirondo, Arteaga, Alkorta eta Lizaso neurtuko dira bihar, 12.00etatik aurrera, Pikoketako belardietan.

p046_f01_54722.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gipuzkoako segalarien finala jokatuko da bihar Oiartzunen, Pikoketan, 12.00etatik aurrera. Bertan, kirolariek ordubeteko lana egin beharko dute, eta tarte horretan belar kilo gehien batzen dituen kirolariak lortuko du garaipena.

Parte hartuko dutenak honako hauek izango dira: Goikoetxea, Lizaso, Arteaga eta Alkorta. Dudarik gabe, inoiz baino lehiaketa estuagoa eta irekiagoa iragartzen da, lehian arituko diren lauetatik edonork eraman baitezake garaipena.

Aspaldiko urteetako parte hartzaile kopuru txikiena izango da aurten Gipuzkoan, nahiz eta lehen ere izan diren horrelakoak. Hori dela eta, zuzenean jokatuko dute finala. Lekua ere paregabea da, Pikoketako belardian makina bat final eta apustu jokatu baitira, eta betiko eran jokatuko den lehen saioa izanda, jende kopuru handia izatea espero da.

Andoni Goikoetxea da lauretan finalik gehien jokatu dituen segalaria, eta bera agertuko da faboritoen artean. Gaztelukoak badaki txapelak janztea zer den, eta ahaleginduko da mailarik onena ematen, nahiz eta era honetako lehen saioa hau den, eta erreferentzia argirik ere ez dagoen, ez berari buruz, ez gainerakoei buruz ere.

Arkaitz Arteaga da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta bere herrialdekoan ere iaz lortutakoa kasualitatea ez zela izan erakusten saiatuko da. Gora egiten ari den mutila da, eta honek ere izango ditu bere aukerak.

Gora egiten ari den beste segalaria Alkorta da. Oso maila onean dabil, eta honek ere erakutsi nahiko du, eta ahaleginduko da finala estutzen.

Aurtengo berrikuntza bakarra, berriz, Lizasorena da. Asteasuarra lehen ere ibilia da, baina azken urte hauetan nazioarteko erako probetan dabil; maila bikaina emanez gainera, lehen postuetan borrokan baitabil Gabirondorekin. Final hau, ordea, bestelakoa izango da, zerikusi gutxi izango baitu nazioarteko erako probekin; hemen iraupena izaten da nagusi, baina eskarmentu handiko gizona da, eta badaki hau guztia nolakoa den. Bera ere finala irabazteko faboritoen artean agertzen da.

Betiko eran aurtengoan ez dira, seguru aski, proba gehiegi izango. Horrez gain, Bizkaikoa, Nafarroakoa eta Euskal Herrikoa izango dira, Araban ez baitago une honetan segalaririk, ez eta Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan ere.

Billelan abiatuko da 600 kiloko lehiaketa

Billelan abiatuko da gaur Euskal Herriko Lur gaineko Txapelketa 600 kilotan. Jadanik amaitu dira 680 eta 640koak, eta hemendik aurrera geratzen diren bi pisuak jokatuko dira, bi txikienak. Lehenengo, 600ekoa hasi eta amaituko da, eta gainerakoak bezalaxe hiru jardunalditara izango da. Goiherri A, Goiherri B, Areso, Gaztedi, Mutriku eta Getxo neurtuko dira. Goiherriko lehen taldeak irabazi ditu beste bi pisuak, eta hau bereganatzeko ere faborito nagusia da, nahiz eta besteak saiatuko diren berdeak estutzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo