GARA > Idatzia > > Kultura

Hamar egunez dantzaren aniztasuna izango da ikusgai Maitaldian, irailean

p050_f02_88x12.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Biarritzeko Maitaldia dantza jaialdiak irailaren 11n zabalduko ditu ateak, eta, hamar egunez, publikoari dantza mota anitzeko ikusgarriak ezagutzeko aukera emango dio. Bi hilabete eskas falta dira, beraz, jaialdiak ateak ireki ditzan, baina, sarreren txartelak dagoeneko salmentan daudela-eta, Biarritz Kultura elkarteko antolatzaileek atzodanik aurtengo uztaren berri eman zuten.

Dantza neoklasikoan sailkatua, jaialdiak, berriz ere, dantzan gaur egun diren estilo anitzak ikusteko aukera emango du. Thierry Malandain koreografoak eta jaialdiko programatzaileak honela argitu zuen: «Jaialdiaren ildo nagusia neoklasikoa da. Baina, dantzan sail horretan dantza klasikotik at dauden estilo anitzak biltzen direnez, aurtengo jaialdia, hamaika begiraden bidegurutzea izango da».

Biarritzen, beraz, konpainia ugari batuko dira, esaterako, Suediako Operako Errege-Balleta konpainia ospetsua, Kukai taldeko dantzariak eta dantza arloan piztu diren «dantzarik gabeko mugimenduaren» espiritua lantzen duten konpainiak. Horiekin, hip-hop-a, dantza barrokoa zein butto dantzak ere badira egitarauan.

Eta, sekula gertatu ez bezala, aurtengo XIX. edizioan, sorkuntzek leku nabarmena izango dute. «Oso zaila da sorkuntzak izatea gurea bezalako jaialdi batean, ez baitugu ekoizpenik bultzatzen. Baina, aurten, gertatu da gonbidatu ditugun talde askok Biarritzen beraien emanaldia izatea», argitu zuen Malandainek.

Antolaketari dagokionez, Biarritzen dauden aretoak estiloen arabera banatzea erabaki dute aurten. Horrela, Colisée aretoan, dantzarekin batera «hitza» baliatzen duten konpainia berritzaileak izango dira nagusiki. Eta, Gare du Midi aretoan, berriz, Suediako Balleta eta Estatu espainoleko Gaztela eta Leongo Corella Ballet bezalako talde nagusiak izango dira.

Askotariko animazioak

Jaialdiak, irailaren 11n, Le Guetteur konpainiaren magiaz beteriko «Xoriekin konfidentzian» ikusgarriarekin irekiko ditu ateak, eta, irailaren 20an itxiko Herbeheretako Nederlands Dans Theather 1 konpainiarekin.

Ikuskizunekin batera, hamar egunez, karrikak animazioak, erakusketak, zinema proiekzioak eta beste hainbat ekitaldi izango da. Malandainek herriko Mediatekan izango den dantza «mugimenduen idazkerei» buruzko erakusketa nabarmendu zuen, besteak beste.

Ikusgarrien sarrerak «prezio erakargarrian» salgai jarriak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo