GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Lotsagabearen lotsa xelebrea

Nork bere maniak ditu, baina bada guztien gainetik -akaso gehiegitxo esatea izango da hori- ernegatzen nauen joera xelebrea: harroaren umiltasun faltsuaren pareko den lotsagabearen lotsa.

Ospatzeko asko zuela-eta, lankide batek pasta kaxa ekarri zuen. Zabaltzea nahikoa batak eta besteak mokadutxoa jateko: «Niri txokolatedunak bakarrik gustatzen zaizkit», «niri lehor hauek»... inolako erreparorik eta kontzientziaren kargarik gabe bat eta ondoren bestea, bapo. Guztiak amaituko zirelakoan, hurrengo egunean, sorpresa, itzuli lanera eta ditxosozko kaxa mahaiaren gainean oraindik. Sorpresarik handiena, ordea, barruan: pasta bakarra, gisa horretako beste berrogeita hamar sartzen ziren tokian, erdi-erdian, bakar-bakarrik... lotsagabe eta lotsagarri xamar.

Bai, pasta kaxatxoarekin, igande eguerdietan azeitunekin gertatzen den gauza bera. Mahaira atera bezain laster, lasai ederrean, «ederrak daude!» esanaz, gainera taldean. Kontua larritu egiten da, ordea, platertxoa soilduz joan ahala, harik eta azkena mehatxu gisara geratzen den arte. Deiadarka hura plateretik, begibazterraz hura zaintzen hizketaldi lasaian ari ziren lagunak, larri, «norbaitek ez al dio helduko» pentsatuz... Ez esan horrelakorik gertatu ez zaizuenik! Bada ernegatu egiten nau lotsagabearen lotsa horrek, zer esango dutenaren beldur xelebre horrek, azken-bigarrenaren lasaitasunak eta azkenaren lotsak.

Suertez, mahai-inguru horretan beti izan ohi da lotsagabe sanoa, lotsagabe lotsagabea, erdizkakorik gabekoa, besteen erreparoaz konturatu eta azken azeitunari heltzen diona «hau lotsagabearena da!» esanaz, gainera, sano ahoratzen duena. Bejondeiela horiei! Orduantxe itzultzen da berriz ere patxada mahaira, ingurura, hizketaldiak erritmoa berreskuratzen du... Xelebreak gara gero! Pentsatu izan dut, azken mokadutxoa jan eta kaxa edota platera ez jasotzeko dugun nagitasunak eragiten duela joera hori; baina, zinez, tristeagoa da pentsatzea xelebreak baino alfer galantak garela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo