Txinatar barne-hegemonismoaren arazoak
Xinjiang eskualdean, Txinako ipar-mendebaldean, 140 hildako izan ziren atzo uigur etniako kideen eta Poliziaren artean izandako iskanbiletan. Aldi berean, ehunka dira gertaera hauen ondorioz zauritu eta atxilotutako pertsonak. Uigurren eskubideen aldeko manifestazio batean sortu ziren istiluak, eta, ondoren, manifestarien eta Poliziaren eta Armadaren artean izandako liskarretan gertatu ziren heriotzak. Istiluen jatorria Txina osatzen duten etnien arteko desorekak dira. Hainbat iturrik nabarmendu zutenez, iraultzaren garaitik arazo etnikoak direla medio Txinan egon den gatazkarik larriena izan da egunotakoa; hildako gehien eragin dituena izan da, bederen. Isilean bada ere, txinatar politikagintzan beti presente dagoen auzia da etniena. Aldeak alde, Sobietar Batasunaren garaian errusiar ez ziren gainontzeko etnia eta nazioekin gertatu zen antzera. Baina Txinako gobernuen jarrera puntu honetan are gogorragoa da. Paradoxikoki, txinatar agintariek ez dute inolako arazorik Txinaren baitan sistema ekonomiko zeharo desberdina duten administrazio eta eskualdeak egon daitezen. Baina, nazioari edo etniei dagokionez, zentralismo gogorra darabilte aspalditik. Txina den bezain handia izanda, eta ondorioz, Txinak dituen bezainbeste tribu, etnia eta nazio izanda, ikuspuntu hori soilik indarrez inposa daiteke bertan. Eta hori ahuldade-puntu bat ere bada.