GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Erleak jaten dituen asiar liztorra zabaltzen ari da Euskal Herrian, lehen aldiz agertu da kostan

Asiar jatorriko «Vespa velutina» liztorra lehen aldiz Lapurdiko kostaldean atzemana izan da. Iaz Zuberoan agertu zen, eta ekaina bukaeran Angeluko baso batean ere aurkitu zuen erlezain batek. Europako erleen desagerpenaren arrazoietako bat izateagatik ezaguna den liztorra oso erasokorra da.

p016_f01_56864.jpg

Vespa velutina liztorrak sistematikoki hiltzen ditu erleak. Bertako liztorrek elikatzeko hiltzen dituzten bospasei erleen aldean, asiar jatorrikoek askoz gehiago hiltzen dituzte» azaldu zuen Bizkaiko Erlezainen Elkarteko Javier Larrinagak. Asiar jatorriko liztor hori 2005. urtean atzeman zuten Europan, Estatu frantseseko Lot et Garonnen, eta geroztik zabalduz joan da, Ipar Euskal Herrira ere ailegatu dela. Hego Euskal Herrian oraingoz ez da liztor horren habiarik aurkitu, baina Larrinagak argi adierazi zuen legez, «duela bi urtetik begia beti adi daukat. Pirinioak zeharkatzea ez da erraza, baina beharbada, urte asko pasako dira ikusten dugunerako, eta ordurako, arazoa oso larria izan daiteke».

Peio Menta erlezain lapurtarrak joan den astean habia txiki bat aurkitu zuen Angeluko Xiberta basoan. «Erleak biltzeko deitzen naute, eta Angelura heldu nintzenean konturatu nintzen horiek ez zirela erleak. Nahiko habia berezia zen, normalean sei bat metrotara kokatzen baitute, baina hau metro eta hogei zentimetrora baino ez zegoen. Hasiera zen, bakarrik hamar-hamabost bat liztor zeuden, horregatik bildu dut habia eta erregina ere bildu dut, gutxitan egiten ahal dena». Habia erlezainak Baionan duen dendan ikusgai dago orain.

Pariseko Historia Naturaleko Museo Nazionaleko Natura Ondarearen Inbentarioaren zerbitzua aurkitutako habia guztien zerrenda ari da osatzen, espezie erasokor honen hedapena ezagutu, eta ahal den heinean, kontrolatzeko. Gaur egun duen hedapena dela-eta, erasoa gelditzea ezinezkoa da. Hala ere, gizartearen laguntza eskatzen dute erakunde publikoek, bereziki erlezainena, hedapen-eremu hori hobeto ezagutzeko. Peio Mentak liztorrak harrapatzeko tekniken berri ere eman zuen: «Tranpa batzuk jartzen ditugu. Garagardoa edo zerbait azukreztatua jartzen dugu tranpa bati lotua, baina ezin ditugu gehiegi jarri, liztorrak ez ezik, erleak eta bestelako intsektuak ere harrapatzen dituelako».

Asiako erleek liztor hauei aurre egiteko teknika bereziak garatu dituzte, baina Europakoek oraindik ez dute ikasi nola egin aurre. «Asian erleek badituzte metodo batzuk liztorrak beren erlauntzetatik aldentzeko. Hegoak mugitzen hasten dira, eta 41º-tik gorako tenperatura eragiten dute horrela. Erleek 45º-ra arte eusten dute bizirik, baina liztorra hil egiten da», azaldu zuen Peio Mentak. Asian duela 50 urte zabaldu zen europar jatorriko Apis melliferak ere erabiltzen du teknika hori, baina gure kontinentean bizi diren erleek ez, oraindik ez dute defentsa teknika hori garatu.

Vespa velutinaren berezko ekosistema Asiako hego-ekialdeko herrialdeetakoa da, baina Europako hegoaldeko herrialdeetako klimara ongi egokitu da. Kolonizazioa oso aldagarria da, hori dela-eta Asian hamaika subespezie aurki daitezke.

Erleak, biziarentzat ezinbestekoak

Vespa velutinaren habia aurkitzea zaila dela nabarmentzen dute ikerlari guztiek, izan ere, habia hamar metrotako altueran ere eraikitzen du. Aurkitzeko sasoirik hoberena udazkena izaten da, zuhaitzetako hostoak erortzen direnean. Neguan liztorrak lurperatu egiten dira eta udaberrira arte lo egiten dute. «Negua lur azpian pasatzen dute eta udaberrian beste habia bat egiten dute», azaldu zuen erlezain lapurtarrak.

Bizkaiko eta Lapurdiko erlezainek nabarmendu zuten egun erleen bizitza mehatxatzen duten beste faktore bat besterik ez dela liztorra. «Pestizidak, ingurumenaren eta eguraldiaren aldaketak erleen biziraupenaren kontra egiten dute, asiar liztor hauek beste faktore bat besterik ez dira gure erlauntzak atxikitzeko zailtasuna handitzen dutena», adierazi zuen Mentak. Erlezainek erleen biziraupenerako egiten duten lana oso garrantzitsua dela ere nabarmendu zuten erlezainen elkarteetako kideek. «Gaur egun badira erleak, erlezainak daudelako, baina anitz galtzen ari dira. Biodibertsitatea gero eta urriagoa da, eta erleak hiltzen ari dira horregatik», salatu zuen Mentak.

«Erleek gure landareen %80 polinizatzen dute; haizeak eta beste intsektuek %20a besterik ez, beraz, gure erleak galtzen baditugu gure lurreko bizi osoa arriskuan legoke», ohartarazi zuen Mentak. Ildo beretik, Albert Einstein zientzialari ezagunak egin zuen adierazpen bat bere garaian, egun egiatzat hartzen dena, hain zuzen ere: «Erleak gure planetatik desagertuko balira, soilik lau urteko bizia geratuko litzaioke gizakiari».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo