Irudikatutako suteak ezustean harrapatu ditu hoteleko bezeroak
Muturreko egoera baten aurrean nola jokatu behar den aurreikustea ez da gauza erraza izaten, ordua heltzen denean urduritasuna kontrolatzea zaila delako. Horrelako batean zer egin eta geure burua salbu mantentzeko jarraitu beharreko urratsak izan dira ikusgai Donostiako hotel batean irudikatu duten sutean.
Oihane LARRETXEA Kazetaria
Astelehena. Eguerdiko 11:57ak. Amara Plaza hotela. Donostia. Langileak erakusmahaiaren atzean daude, uniforme beltzaz jantzita beste edozein lanegun batean bezalaxe, deiak erantzuten eta bezero berriei ongietorria ematen. Minutu gutxiren buruan normaltasun hori hautsi egingo da, ordea. Harreran daudenak jakinaren gainean daude, baina gainontzeko bezeroentzat ezustekoa izango da. Eguerdiko 12:00etan puntuan suhiltzaileak agertuko dira 3. solairuan piztuko den itxurazko sua itzaltzera. Ez da egiazko egoera, ezta egiazko sua ere, baina benetan gertatuko balitz bezala jokatu beharra dago, une hori noizbait iritsiko balitz prest egoteko.
Hau guztia beraz ondo antolatutako istripua da, azken segundoraino neurtutako kasualitatea. Gaur kasualitateak kasualitate izateari utzi dio, beraz. Iragarrita dagoen gertaeraren aurrean, harritu aurpegia jartzea izango da zailena.
Atzera begirako kontaketan isiltasun berezi bat sumatzen da harreran. Soinu bakarra etengabe jirabiraka dabilen atearena da. Bira ematen duen bakoitzean kanpoko haize freskoa dakar barruko berotasuna apalduz. Haren gainean, hizki berde distiratsuetan, «EXIT» kartela irakur daiteke. Ezkutuko seinale baten moduan, badirudi kanpora korrika irteteko gonbidapena dela, han barruan une batetik bestera arriskua zabalduko den iragarpen isilarena eginez.
denak adi eta prest
112ra egindako deiaz eman da sutearen berri. Anbulantzia eta suhiltzaileekin batera atzeman dira urduritasuna eta zirrara. Harrerako langileek utzi diote telefonoa erantzuteari. Salbu egongo diren lekura eraman dituzte, hoteletik kanpo. Baita sukaldariak ere. Alboko kalea uniforme zuriz bete da, mantala, galtzak, eta txano luzeak. Lapiko artean zeudela harrapatu ditu ustekabean suteak. Medikuek guztiak onik daudela egiaztatu bitartean, suhiltzaileak 3. solairura igo dira zuzenean. Zauritu baten berri izan dute.
Lehen urratsa igogailua etetea da. Inor han barruan sartuz gero, irten ezinik gelditzeko arriskua baitu. Eskailerak igo bitartean entzuten dira arnasestuak, eta suhiltzaileen arteko abisuak, ezkutuko kodean hitz egiten dutela dirudi. Pasillora heltzean aldiz, korrika dabiltzan oinetakoek ez dute soinurik egiten, moketak larritasun osoa leundu du bat-batean.
Argindarra eten egin denez, gauzak ezin dira ondo bereizi, suhiltzaile eta sendagileen uniformeak salbu. Horiek ematen diote egoerari argi pixka bat. Laranja bizi-biziko kolorea duten txalekoei esker sumatzen da non dagon bakoitza.
Beltzez jantzitako emakumea lurrean dago, irentsi duen kearen ondorioz konortea galduta. Suak hoteleko Maria Agirre harrapatu du. Lankideak arnasketa ariketak egin dizkiote medikuen laguntza heldu bitartean, eta hauek, beraz, iritsi bezain pronto oxigeno maskara jarri diote.
Uneko larritasunaren gainetik suhiltzaileen mugimendu neurtu eta zehatzak nabarmentzen dira. Ezkutuko kodean hizketan jarraitzen dute, baina primeran ulertzen dute elkar.
«Bat.. bi... eta hiru!» zenbatu, eta esku-ohean daramate Maria, urrezko paperean bildu eta soka gorriz estu lotuta. Zailena dator orain.
Eskailera estuek ez dute lana samurtzen, esku-ohearekin bira egitea ez da batere erraza, horregatik hasiera batean lauren artean daramaten zauritua, azkenik biren eskuetan mugitzen dute. Azken eskailerak jaitsita, kalea gertu iragartzen da. Kanpoko haize freskoak lasaitasunera gonbidatzen du: onik atera dute Maria, eta bezero edota langileen artean ez da ezbeharrik gertatu.
ekimenaren garrantzia
Lehen aldia izan da Amara Plaza hotelean horrelako ekimena antolatzen dutena, eta sutea irudikatutakoa izan arren, 112ra egindako deia benetakoa izan da, baita bertaratu diren mediku eta suhiltzaileen etorrera ere.
Luis Fernandez zuzendariaren hitzetan benetako egoera baten aurrean zer egin jakiteko ezinbestekoa da aurretik gisa bereko egoera bat irudikatu izana. Langileen eta bezeroen parte-hartzea ere gakoa izan da kontuan hartuta horrelako eraikinak jendez beteta egoten direla, eta hauek husteak zailtasunak dituela.
Azkenean harritu aurpegia nahigabe sortu da. Harreran, biraka jarraitzen duen atearen gainean «EXIT» hizki berdeak zeuden ikusgai, eta piztuta zeudela, hurrengo saiakerarako prest agertu dira dagoeneko.