Euskara garatzeko engaiamendua Nafarroa Beherean
GARA |
Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) bultzadaz, Nafarroa Behereko herri-elkargoek eta berrogei bat herrik beren lur-eremuan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu zuten larunbatean Larzabalen.
Itunaren bidez, erakundeok neurri sorta aplikatzea onartu dute, besteren artean, beren irudi grafikoa bi hizkuntzetan jartzea inprimaki guztietan, herritarrei zuzendutako idatzi eta aldizkarietan euskararen presentzia bermatzea, barne eta kanpo seinaleztapena ere bi hizkuntzatan jartzea, telefonoan eta erantzungailuan euskaraz erantzutea, herritarren aitzineko adierazpen publikoetan hautetsiek euskara erabiltzea ziurtatzea edota egoera zibileko agiriak elebitan jaulkitzea. Neurriok gauzatzen direla behatzeko hautetsi bat izendatuko dute.
Euskara teknikaria
Horrez gain, hiru herri-elkargoen artean -Amikuze, Iholdi-Oztibarre eta Garazi-Baigorri- euskara teknikari bat kontratatu dute eta EEPk emango dien dirulaguntzarekin, herri bakoitzak neurriak abian jarriko ditu pixkanaka.
Euskara garatzeko hartutako engaiamendua ofizialki adieraztearren, ekitaldi berezia egin zuten larunbatean, herriotako auzapez, hautetsi eta ordezkariekin. Max Brisson eta Frantxua Maitia, hurrenez hurren EEPko lehendakaria eta lehendakariordea ere sinatze-ekitaldian izan ziren.