Gizartea aldatzeko hezkuntza sistema libertarioa Baionako UEUko ikastaroan
Atzo hasi eta ostegunean bukatuko dira Udako Euskal Unibertsitateak Baionan eskaintzen dituen ikastaroak. Ikasle eta irakasleak elkarrengandik ikasten arituko dira lau egunez. Hori da, hain zuzen ere, «Pedagogia libertarioa eta eskola askeak» ikastaroko oinarrietako bat.
Idoia ERASO |
«Gu gara `irakasleak', baina guk ere klaseetan ikasten dugu; parte-hartzea ezinbestekoa da», azaldu zuen Tania Martinez hezitzaileak. Eztabaida gidatuetan oinarritzen da tailerra, informazio jakin batetik abiatuta, gaiak proposatzea, eta horien gainean irakasle zein ikasleek dituzten iritziak plazaratuz eta entzunez ikastean datza.
Anarkismoaren zenbait aldetatik proposatutako hezkuntza teoria da pedagogia libertarioa. Pedagogia sistema hori pertsonaren askatasunean oinarritzen da, eta orokorrean ikaslearen nahietatik abiatzen da. Eredu hori kontuan hartuta Tania Martinez eta Ander Agirre Dorronsolok horrela antolatu zuten bere tailerra. «Gure klaseetan ezin dugu sistema klasikoa erreproduzitu, estruktura sozial baten oinarria baita eta guk ez dugu hori berragertu nahi» azpimarratu zuen Agirre Dorronsolok.
Hezkuntza, gizartearen eredua
Egungo hezkuntza sistemak egoera sozialaren ereduari jarraitzeko hezten duela oinarritzat hartuta, egitura horiek aldatzeko zenbait tresna helarazi nahi izan zieten ikasleei. «Pedagogia libertarioaren barnean ez da bakarrik kritika egiten, aldaketa egiteko bidea eskaintzen da» adierazi zuen Martinezek.
Tailer horretako parte-hartzaile gehienak irakasleak ziren, eta Baionan ikasitakoak beren klaseetan baliatzeko aukera eskainiko die programak. Zenbait teoria erakusten dituzten testuetatik abiatuta, eztabaida eta «rol play» ariketa egiten dute ikasleek, hau da, gai baten ikuspegi ezberdinak aintzat hartuz, horietako baten arabera jokatu behar dute ikasleek, ikuspegi hori lukeen norbaiten larruan baleude bezala. Bolognako ituna izan zen gaia atzokoan. Ariketa horiek landu eta hausnartu ondoren, bihar beste sistema bat osatuko dute ikasle eta irakasleen artean.
Klasean hitza hartzea funtsezkoa izateaz gain, berez sortzen zen. Iritziak kontrajarriak zirenean osagarriak bilakatzen ziren eztabaidaren bidez. Max Stirner edo Ferrer i Guardiaren teoria espezializatuez mintzatu arren, gai orokorragoek ere izan zuten tokia, esaterako, genero ezberdintasunak. «Generoa eraiki egiten da, haur eta gazteek etxetik zenbait pauta ikasiak ekartzen dituzte. Hezitzaileen lana da horretaz konturatzea eta aldatzea» esan zuen ikasle batek.
Anarkismo garaikideak bi tendentzia ditu. Lehenak pertsonaren askatasuna du abiapuntu, eta heziketa neutrala aldarrikatzen du. Bigarrenak askatasuna du helburu, eta eredu soziopolitiko baterako hezten du.
Bost ikastaro eta mintegi bat izango dira, osteguna bitartean. Pedagogia libertarioari buruzkoa ez ezik, beste hiru ikastaro ere hasi ziren atzo: «Mariren kobazuloaren atariak», euskal mitologia eta ipuinei buruzkoa, Koldo Amestoy irakasle dela; «Kantua aitzakia: espresio tailerra», kantuan hobetzeko gakoak lantzeko; eta «Idazketaren psikologia eta pedagogia: haurren idazkera, ortografia eta puntuazioa aztergai», Irune Ibarraren eskutik. Bestalde, Giza Eskubideen Europako Auzitegiari buruzko mintegia izango da gaur. Bihar eta etzi, berriz, euskara eta lan munduari buruzko tailerra. Bukatzeko, The Sparteens taldeak «goatekea» antolatu du ostegunerako, Kolostrapen. I. E.