GARA > Idatzia > > Kirolak

Harri-jasotzea Harri handien finala

Aimar Irigoienek txapelak pilatzen jarraitzen du

Ostolatzak izterrean min hartu bazuen ere, lan guztiak burutu zituen.
p040_f02_16253.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek inongo arazorik gabe lortu zuen Euskal Herriko harri handien txapela. Lehendik ere faborito garbia zen, baina Ostolatzak min hartu zuen, eta zestoarrak bere lana bete baldin bazuen ere, bidea oraindik eta errazagoa utzi zion kirolari errezildarrari.

200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150eko kubikoa eta 125eko bola erabili behar izan zituen kirolari bakoitzak, eta bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiruna minututako txandak izan zituzten. Jendetza batu zen saioa ikustera.

Aimarrek sei jasoaldi eman zizkion errektangularrari, zilindroari, berriz, 15, kubikoari 13 eta 17 bolari. Guztira, 51 jasoaldi eginez, 7.900 kilo berdindu zituen bizkarrean.

Joseba Ostolatzaren komeriak saioa hasi besterik egin ez zuenean heldu ziren. 200 kilokoari lehen jasoaldi ona eman zion, baina bigarrengoan min hartu zuen izterrean, giharretako arazo bat, eta harri horrekin ezin izan zuen aurrera jarraitu.

Masajistaren eskuek mindutako lekua apur bat goxatu ostean, beste hiru harriekin lanean jarraitu zuen, baina ezin izan zuen bere onena eman. Zilindroa sei aldiz altxatu zuen, kubikoa zazpi aldiz, eta beste horrenbeste aldiz berdindu zuen bola ere. Guztira, 21 jasoaldi eman zituen, eta 3.175 kilo berdindu zituen bizkarrean.

Atzokoarekin, harri handietan bere laugarren txapela jantzi zuen Aimarrek, eta garbi geratu zen, ezeren okerrik ez duela, beste urte batzuetan ere berak jarraituko duela txapeldun izaten. Goenatxoren marka apurtzeko oraindik geratzen zaio, baina inork bildu behar baldin badu azkoitiarrak lortu dituen bezainbeste txapel, hori errezildarra izan daitekeela uste dute zale gehienek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo