GARA > Idatzia > > Kirolak

Jokoak Sanferminak

Trontzalarien Nafarroako finalarekin abiatuko dira Iruñeko jaialdiak

J.L. | DONOSTIA

Nafarroako trontzalarien finalarekin abiatuko dira bihar, Iruñeko Foruen enparantzan, festak amaitu bitarte egunero ikusgai izango diren herri-kirol saioak. Ekitaldiak 12.00etan jokatuko dira.

Trontzalarien finala izango da, dudarik gabe, bihar, lehen egunean, izango den ekinaldirik garrantzitsuena. Aizkorbe-Cano, Barberena anaiak, Pikabea-Morrondo, Txoperena-Portu, Bertiz-Urrutia eta Lasaga-Galarregi izango dira parte hartuko duten bikoak. Bakoitzak, kana-erdiko enbor bati hamalau epai etzanik, eta lau zutik eman beharko dizkio.

Faboritoak aipatzerakoan, Barberena anaiak izango dira, baina kontuz ibili beharko dute Aizkorbe eta Canorekin, aurten ere ezustea emateko prest agertzen baitira.

Lasto-altxatzeko herrialdeko finala ere bihar jokatuko da. Telletxea, Sein eta Bereau lehiatuko dira. 45 kilotako fardoa erabiliko dute, eta lanean aritzeko, bakoitzak bi minututako txanda bakarra izango du.

Hala ere, eguna osatzeko, beste bi ekitaldi ere izango dira. Alde batetik, herrialdeko kadete mailako trontzalarien finala jokatuko da, eta bestetik, aizkoran buruz buru neurtuko dira Ander Erasun eta Ohian Larretxea. Ekitaldi honek berak ere ikusmin handia piztu du. 18 urteko bi gazte hauengan itxaropen handiak daude jarrita, eta zale asko izango dira saio hau ikusi nahiko dutenak. Lehen eguna honekin osatuko dute, baina hurrengo egunetan ere, Nafarroako final ugari jokatuko dira Foruen plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo