Pilota
Paxkal Ezkurra itxura ona emanez itzuli da
J.L. | DONOSTIA
Paxkal Ezkurra itzuli da. Urruñako atzelariari min hartu zuenean gutxienez sei hilabete pilota ukitu ere egin gabe egon beharko zuela esan zioten, baina lau hilabete eta gero, berriro ere jokatzen ari da.
Arrangoitzeko trinketean, bertako torneoko finalerdian estreinatu da berriro ere. Galdu egin zuen, oraindik erabat sasoiko ez dagoela ikusi zen, baina hori normala da. Hala ere itxura ona eman zuen, eta garrantzitsuena, min hartu zuen besoak ez ziola arazorik eman. Hori, dudarik gabe, trinketeko pilotazale guztientzat berri ona da, eta hilabete gutxi barru, berriro ere onenen parean izango da.
Ibarrola lagun zuela neurtu zen Bielleren eta Ozafrainen aurka Arrangoitzeko Torneoko lehen finalerdian, eta 40-33 galdu zuten. Neurketa ona izan zen, ordea, eta bertaratu ziren zaleak gustura atera ziren. 8-8 berdindu ostean, bazirudien Biellek eta Ozafrainek berehala erabakiko zutela auzia, 23-10 aitzineratu baitziren, baina Ibarrolak eta Ezkurrak ongi erreakzionatu zuten, eta gerturatuz joan ziren (33-28 ).
Lan horren ondorioak ordaindu zituzten, gero, ordea, eta Bielle eta Ozafrainek eraman zuten neurketa. Partida ona izan zen. Lau pilotariak maila onean aritu ziren, baina begi guztiak Paxkali begira egon ziren, eta urruñarrak egindako lana, horrenbeste hilabete eta gero, bikaina izan zen.
Beste finalerdia ere ederra izan zen. Waltarik eta Harizmendik 40 eta 37 irabazi zuten, baina apustu zale batek baino gehiagok galdu zituen xoxak. Kubatarra eta baxenabartarra 25-21 aurretik ziren, baina ondoren Sorhuet eta Kurutxari 25-32 eta 28-35 aitzineratu ziren. Bazirudien norgehiagoka erabakita zegoela, ez zegoen mirariak egiteko tarte handirik, baina Waltarik eta Harizmendik zuten guztia eman zuten. Aurrean, kubatarra bere joko bizi hori erakutsiz arriskatzen hasi zen, eta atzean Harizmendi agintzen. Lehenengo, 36-36 berdindu zuten, eta jarraian, 4-1eko partziala sartu zuten garaipena lortu eta finalerako txartela eskuratzeko.
Jendea aho zabalik geratu zen, irabazleek azken txanpa ikaragarria egin baitzuten. Beste batzuk, berriz, triste etxeratu ziren, ustez irabazita zuten dirua galdu baitzuten. Finala, datorren asteartean jokatuko dute. Bertan Bielle eta Ozafrain Waltariren eta Harizmendiren aurka arituko dira. Azken hauek aterako dira irabazteko faborito.