GARA > Idatzia > > Kultura

KRONIKA | Euskal Herria Zuzenean

Afrikar doinuek amaiera eman zioten mugak gainditu dituen Heletako jaialdiari

Goizetik hasi zen musika zabaltzen EHZ festibalaren azken egunean. Igandeko lehen orduetarako herriko plaza kale animazio eta txarangen topaleku bilakatu zen, eta zikiro-jatearen ostean, kontzertu eremuko emanaldien txanda iritsi zen.

p044_f01_148x104.jpg

Koldo OTAMENDI

Fanfarreak, erraldoi eta dultzaineroak, MusikHerria kolektiboko taldeak edota formatu txikiko rock bandak izan ziren goiz osoa era guztietako musikaz bete zutenak. Bereziki dantzarako musika nabarmendu da festibalaren hiru egunetan, baina Sebastian Schueller musikariaren parte-hartzeak, kontrapuntua jarri zion afera horri igande arratseko lehen orduan eskaini zuen emanaldian. Lasai entzuteko doinuak jorratu zituen, eragin anglo-saxoi askorekin eta barne giro progresiboak landuz. Ikus-entzule askok, lasai eserita entzun zuten Schuller jaunaren emanaldia, Heletako zelaiek horretarako eskaintzen dituzten baliabideak probestuz.

Lasai eserita entzuteko aukera izan zen, halaber, arratsaldeko bostak jo zituztenean, Fiachras taldearen doinuak. Agertoki txikiak ez du taula handiak adina erakartzen, baina talde interesgarri asko ikusteko parada izan dugu gune honetan. Nolanahi ere, Bonberenea zigiluarentzako kaleraturiko lehen diskoko kantuak eta zenbait moldaketa eskaini zituzten Fiachras taldekoek beren emanaldian.

Jarraian, musika beltzaren txanda iritsi zen, eta erritmo jamaikarrek hartu zuten agertoki handia ondoren. The Congos talde mitikoa da reggae musikan, eta nahiz eta Alpha Blondy edota Toots & The Maytals bezalakoen sona ez izan nazioartean, miretsiak eta errespetatuak dira bertako musikarien artean. Kantu instrumental batekin hasi zuten emanaldia, bigarren kantuaren lehen doinuekin batera taldeko lau abeslariak taularatu bitartean. Txalo zaparrada izugarria jaso zuten, eta umoretsu eta alai ekin zioten dantzari, abesten hasi aurretik. 1977an sorturiko musika egitasmoa izaki, taldeko kideek 50 urte goiti dituzte, eta nabari zitzaizkien urdindutako rastak. Ahots jokoetan bikain, musika egin eta disfrutatzeko adinik ez dagoela arras ongi erakutsi zuten emanaldiak iraun zuen ordubetean.

Jamaikarren ondotik musikak ez zuen etenik izan, eta The Sparteens taldearen eskaintzak ere bereganatu zituen ikus-entzuleak. Hendaiako zenbait musikariek osaturiko musika bandak, 1960ko hamarkadako erritmo dantzagarrietara garamatza bere Swing, Ye-Ye edota Twist itxurako doinuekin. Taldearen kantu eskaintza, kantu ezagunen moldaketan oinarritzen da, eta Su Ta Garren «Jo ta ke», Kortaturen «Zu atrapatu arte» edota La Pollaren «Txus» izan ziren jo zituzten bertsioetako batzuk.

Taula handiak hartu zuen azken musikaria berriz Seun Kuti izan zen. Fela Kuti handiaren semea, aitak abiaturiko musika eran sakondu zuen, erritmo beltzak eta afrobeat doinuek eremu berritzaileagoetara eramanez. Seun Kuti-k musika talde sendo bat du atzean, bere garaian aita laguntzen zuen Egypt 80 banda bera, eta taldearen esperientzia eta musika kalitatea, Sean gaztearen energia eta ilusioarekin uztartzen da. Sean, likraz eginiko «panterazko» jantzia soinean taularatu zen, eta ahotsetan koroak egiten zituzten bi emakumeen laguntza izan zuen. Berriki argitaratua izan den «Many thing» diskoko zenbait kantu jo zituzten, baita kantu zaharragoak ere. Aitaren kanturik ez zen falta izan, eta Afrika beltzaren egungo egoerari buruzko aipamen eta adierazpenik ere ez.

Maila handiko musika eskaini duen jaialdian, giro ezin hobea eta sentsazio biziak nagusitu dira hamalaugarren edizio honetan. Manu Chaok pizturiko bibrazio positiboak, festibal osoan zehar zabaldu ziren, antolakuntza onak eta soinu kalitate ederrak hiru egunetan iraun duen maila eman dutelarik. Heletako edizio honek, EHZ dagokion lekura itzultzea lortu du, hots, Euskal Herrian burutzen diren festibalen artean lehen mailara.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo