Iban Asenjo EHUko irakaslea
«Good bye Kutxa, I'm going to live in Basque!»
Nire eskura iritsi da azken «Campusa», EHUren aldizkaria, 66. zenbakia, ekainekoa. Ikasturte bukaerako alea izanda, gauza oso interesgarriak topatu ditut bertan, besteak beste, ikasle berrientzako EHUren inguruko oinarrizko informazioa, 13 puntutan laburbilduta.
13 puntu horietatik gehienak erdara hutsean idatzita daude. Kasualitatez edo, erdarazkoak askoz luzeagoak dira euskarazkoak baino. Izenburua ere erdara hutsean dago. Artikuluaren «publikoa» selektibitatea gainditu duen gazte oro izanda eta emandako informazioa oso oinarrizkoa izanda, pentsa liteke dena euskaraz ematea posiblea litzatekeela, baina tira, egia da oreka mantentzea askotan oso zaila izaten dela.
Aldizkarian, aitortu beharra dago, euskararen presentzia gero eta nabarmenagoa da, eta ale horretan euskaraz agertzen diren artikuluak guztiz gomendagarriak dira; euskara indartzeko neurriak, euskaraz aritzeko materialak, genero berdintasuna, klima aldaketa, Henrike Knörri egindako omenaldia, bertsolaritza edota, besteak beste, Kike Amonarrizen artikulu umoretsua.
Azken orrira iritsita, Bizkaiko Foru Aldundiak sartutako orrialde osoko propaganda ikusi dut. Hori ere euskara bultzatzekoa da eta euskara hutsean dago. Aldizkaria ixtean, atzeko orrialdean, leku goxoenean eta, pentsatzen dut, garestienean, Kutxaren propaganda ageri da, hau ere orrialde osokoa. Nire harridurarako, Gipuzkoako gazteei zuzendutako informazio osoa erdara hutsean zabaldu dute. Seguru nago gertakari honek Kutxak berak ezarritako elebitasun irizpideak urratzen dituela, baina, horrez gain, benetan mingarria iruditzen zaidana propagandaren leloa bera da. Gazte hizkera erreproduzitu nahi duen esakuneak hala dio: «Adiós ama. I´m going to Toronto». Antza, gazte gipuzkoarrek amari ez diote agurrik esaten eta, ziur aski, agur triste bat sartzeak propagandaren mezua erabat desitxuratuko luke, ikusita baitago Kutxarentzat modernoa izatea espainola eta ingelesa nahastean datzala.
P.D.: Goiko lerroak idatzi ondoren, Kutxak iragarkian aipatzen duen web orrialdean sartzeko ausardia izan dut. Webguneko erdarazko bertsioan «Adiós papá» agertzen da; euskarazkoan, «Adiós mamá».