Euskal Herria Jaietan
Peñak izango dira gaur Lesakako jaietako protagonista
Urte luzetako ohiturari eutsiz, Zubigainekoa dantzatzeko eta banderari omen egiteko txanda izan zen atzoko San Fermin eguna. Onin ibaiaren ertzetan, urtero legez ezpata-dantzariek euren trebezia erakutsi zuten petril gainean dantzan. Ondoren, udaletxeko balkoiraino eraman zuten herriko banderari ere egin zioten omenaldia. Jaiarekin jarraitzeko, Peñen Eguna izango da gaurkoa. Danborrada, bigantxak edo peñen jaitsiera, izango da zer gozatua Lesakan.
GARA |
San Fermin egunez, euren zaindariari omen egiteko eguna izan zuten atzokoa Lesakan. Elizinguru eta udal ekitaldiz beteriko eguna izan zen, nahiz eta euriaren erruz ekitaldiren bat edo beste bertan behera utzi behar izan zuten.
Goizean goiz hasi ziren herriko txistulari banda eta ezpata-dantzarien taldea kaleko giroa alaitzen. Hala ere, eguraldi txarra zela-eta udaletxetik elizaraino egitekotan ziren elizingurua bertan behera utzi behar izan zuten. Eguraldiak geldiarazi ez zituenak ordea, ezpata-dantzari taldeko dantzariak izan ziren.
Beste urte batez, fin eutsi zioten lesakarrek herria zeharkatzen duen Onin ibaiaren ertzetan dantza egiteko duten ohiturari. Lesakar ugari biltzen dira Zubigainekoa izeneko dantza ikustera; XV. mendean herriko auzoen artean sinaturiko bakearen oroigarri gisa egiten dute. Dantzarien lehen saioaren ondoren, zubian, «Bandera-arbola» doinuaren laguntzarekin, herriko bandera astindu zuten.
Segidan, Udalbatza, ezpata-dantzari eta bertan bildutako herritar guztien artean Plaza Zaharrera eraman zuten bandera. Bertan, udaletxeko balkoian jarri baino lehen, berriro dantzatu zuten dantzariek euren banderari omen eginez. Arratsaldean ere, izan zuten lesakarrek dantza eta kantuez gozatzeko aukerarik.
Gaur Peñen Eguna
San Fermin egun handiaren ondoren, etenik gabe aurrera egingo dute Lesakako jaiek. Gaurko egunean, bereziki peñak izango dira protagonista. Eguna indarrez hasteko, goizeko bederatzietarako elkartuko dira peñak gosaritan. Eguerdi partean, berriz, Izadi txarangaren laguntzarekin danborradan irtengo dira peñak herriko kaleetan barrena.
Atsedenerako tarterik utzi gabe, bigantxak askatuko dituzte Plaza Zaharrean, eta ausartenek euren abilezia erakusteko aukera izango dute bertan, inguratzen diren guztien gozamenerako.
Bestalde, etxeko txikiek ere izango dute gaurkoan zer gozatu Lesakako jaietan. Arratsaldeko bostak inguruan, bereziki haurrentzat prestaturiko «Atxikistan» ikuskizuna izango da herriko plazan.
Zertxobait geroago, seiak inguruan peñak elkartuko dira, Izadi txarangaren laguntzarekin jaitsiera egiteko. Iluntzean berriz ere bigantxak egongo dira Plaza Zaharrean. Gauerdian bestalde, egunari amaiera edo gauari hasiera emateko, berbena izango da goizaldera arte.
Euria zela-eta elizingurua bertan behera utzi behar izan bazuten ere, ezpata-dantzariek hutsik egin gabe dantzatu zuten Onin ibaiaren ertzetan Zubigainekoa.
Gaurkoa peñei zuzenduriko eguna izango bada ere, etxeko txikiek ere izango dute zer gozatu. Arratsaldeko bostetan, «Atxikistan» ikuskizuna izango da Plaza Zaharrean.